GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Donostiako Aste Nagusiak

Su artifizialak eta Pertseida izar iheskorrak, norgehiagoka zeruan

Donostiako Aste Nagusian su artifizialak ikustea erritua da. Hala, naturak eskaintzen duenari bizkarra emanez, gutxi batzuk besterik ez dira Pertseida izarrak begiratzen dituztenak. Hogei minutuz kaleak hutsik gelditzen dira, eta milaka pertsona zerura begira jartzen dira eskuetan izozkia dutela.

5185314.jpg

Oihane LARRETXEA

Topikoak askotan topiko diren arren, Donostiako su artifizialekin esamesek bete-betean asmatu dute. Izan ere, ikuskizunaren inguruan milaka pertsona biltzeaz gain, izozkien kontsumoa izugarri handia da.

Baina izozkira heldu aurretik jendea lagunekin biltzen da ardoa edo garagardo batzuk edan eta ogitarteko bat afaltzeko.

Ogitartekoa non jan erabakitzeak, ordea, arazo bat edo beste sortzen du lagunartean: tabernan bertan, plazaren bateko aulkietan eserita, edota suak ikusi bitartean.

Lehen bi aukerek ez dute ondorengo tirabirarik sortzen, baina suak ikusi bitartean afaltzea erabakiz gero, berriro dator eztabaida: non ikusi suak?

Izan ere, suak Alderdi Ederreko lorategitik jaurtitzen dira badia zabalera, eta, beraz, oso leku irekia izanik, hamaika lekutatik ikus daitezke: pasealekuetatik; kaitik; Urgull, Ulia eta Igeldo mendietatik; hondartzetatik; eta itsasotik edota baten batek etxeko balkoitik bertatik.

Hamaika ikuspuntu

Urgulletik ikustea oso ohikoa da, familian, haur txikiekin nahiz koadrilan. Asko eta asko motxilan ogitarteko eta sagardo botilak eramanda.

Bertatik ikus daitekeen paisaia ederragatik, eta lekuaren berezitasunagatik, askorentzat toki kutuna da, eta jendez lepo egoten da Aste Nagusiko gauetan.

Goraino igo nahi ez dutenentzat aukera eder bat Apaizen Pasealekua da. Portu gainean, eta Urgull magalean, oso erosoa da alde batean, Alde Zaharra, eta bestean -batez ere haurrekin dauden gurasoentzat-, Paseo Berriko barrakak daudelako.

Garaiz joan beharra du suak hondartzatik ikusi nahi dituenak. Lekua soberan dagoela eta jendea mugarik gabe sar daitekeela dirudien arren, eroso egon nahi izanez gero, ez da azken unean gerturatzea komeni.

Beste leku batzuetatik ikusteko, berriz, hasterako joanez gero ere suak ikusteko aukera bada, baina ziur aski inguruan daudenen kexuak entzungo ditu berandu iritsitakoak. «Kendu paretik, ez dut deus ikusten», «Nire alabari bista trabatzen diozu» edota «Hauek azkenak iritsi eta lehen ilaran jartzen dira!», horra hor entzun beharko dituenak.

Hauen artean daude kaia, Sagües, Zurriolako nahiz Kontxako pasealekuak edota Boulervarda.

Orain arte aipatutakoak suak lurretik ikusteko tokiak dira, ohikoenak eta doakoak.

Bada baina, bestelako aukerarik ere, esaterako, diru kopuru bat ordainduta, suak txaluparen batetik ikustekoa, txalupa norberarena ez bada.

Egunez kaitik Santa Klara uhartera joan-etorrian ibiltzen diren txalupak, gauetan badian barneratzen dira nahi duenak suak itsasotik bertatik ikusi ahal izan ditzan. Eta jendez lepo egon ohi dira egunero. Eskaria oso handia denez, sarrera garaiz erosi beharra dago.

«Ciudad San Sebastian» ontziaren eskutik ere badago itsasotik ikusteko aukera, nahiz eta sarrerak gauean bikoitza balio duen, hamasei euro. Ikuskizunaren ostean badian barrena paseoa egiten du gainera.

Lekua hautatuta

Tokia aukeratutakoan bertara heldu beharra dago, eta askotan, ibilbidea egitea eromena da.

Kalean jendea ilaratan mugitzen da, erritmo patxadatsu baino sendoan. Kontrako norabidean joan nahi duenak porrot egingo du saiakeran.

Milaka pertsona apurka-apurka gustuko leku horretara abiatzen dira, berandu baino lehen iritsi nahi izaten dute denek gainera.

Bidean, jendearen oinak zapaltzea ere oso ohikoa da, eta etengabe errepikatzen dira imintzio eta esaldi berberak.

Koadrilan, bikotean zein familian joan, ilara txikiak sortzen dira eskutik helduta, batak besteari begia kendu gabe bidean inor ez galtzeko.

Inork horrelako kateren bat hautsi nahi izango balu, ezinezkoa izango zaio, eskutik sendo-sendo helduta baitoaz denak.

Emakumezkoek -baita gizon batzuek ere- beste eskuaz poltsa eusten dute aurrean jarrita.

Ibilbide jendetsuaren ostean lekura heldutakoan non kokatzea dator. Eserita, zutik, edo txikienak aita edo amaren sorbalda gainean eserita.

Batzuetan aurretik jendea dago, eta, beraz, ezingo zaio inori bista oztopatu. Jendeak berehala ohartaraziko du aurrean jarritakoa. «Mugitu zaitez pixka bat mesedez, ez dut ikusten». Eta pixka bat mugituz gero, beste bati egingo dio traba, baina suak ikusteak hori dakar.

Gutxika-gutxika lekuak jendez betetzen doaz, txoko eta izkina guztiak. Aurreko minutuak solasean ematen ditu jendeak, denek dute albokoari zer esan.

Bat-batean, airera botatako lehen suziriak denen arreta bereganatzen du; isilarazi eta gora begira jartzen ditu horrek.

Elkarrizketak orduan eteten dira zeruan gertatzen ari denari so egiteko.

Kaleko argitasuna murriztu egiten da, eta, hala, suziriek ematen diote distira aireari.

Jendearen azalean eta aurpegietan islatzen dira une horretan lehertu den suziriaren koloreak: zuria, arrosa, berdeak, urdinak, baita aurten erabilitako horia ere.

Gero eta burrunba bortitzagoa, eta tamaina handiagoa, jendeak txalo indar handiagoz egiten du. «Ala!» eta «Oooh!» entzuten dira euria dirudien izar jauziaren ostean.

Lehia handia da Donostiako su artifizialen lehiaketan, eta urtetik urtera teknikak hobetuz doaz: bihotzak, izarrak, loreak... hamaika forma eta kolore.

Kaleak hutsik

Ikuskizuna ikustera hurbiltzen den jende multzoaren ondoan kale ugari hutsik geratzen dira suek iraun bitartean.

Lehentxoago ogitartekoa hartzeko ordu erdi itxaron beharra zegoen tabernetan; orain, berriz hutsik daude.

Kaleak eta errepideak ere horrelaxe daude. Ordu horietan bizikletaz ibiltzea gozagarria da, ez baita inor gurpilen abiaduraz kexu. Ez da semaforo gorririk errespetatu beharrik ere, izan ere, errepideak moztuta egon ohi dira tarte horretan.

Baina bitxikeria handiena izozki dendek eskaintzen dute. Kukurutxoz betetako harrera mahaia beterik dago.

Azken suziriak eztanda egitearekin batera amaituko dira txokolatea, marrubia edota limoia, eta izozkia miazkatu bitartean hartuko du batek baino gehiagok etxerako bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo