GARA > Idatzia > > Kirolak

1 FORMULA Ferrari

Schumacher: «Nire ibilbideko unerik latzena izan da»

Gidari alemaniarraren sendagileak argitu zuenez, Cartagenako istripuan zain bat apurtu zuen Schumacherrek eta ongi sendatzeko 18 hilabete beharko ditu.

p039_f01_444x444.jpg

Iratxe DUEÑAS | BILBO

Michael Schumacherrek atzo Genevan emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, 1 Formulara itzultzeko proiektua bertan behera utzi behar izana bere «ibilbideko unerik latzena» izan da. Kazetariei onartu zienez, «aurrerago zer egingo dudan ez dut pentsatu, nahi nuena egin ezin izateak etsipenak jota utzi nau».

Zazpi aldiz munduko txapeldun izandakoa Felipe Massa ordezkatzekoa zen, baina azkenean ezingo du Europako Sari Nagusian, Valentzian, parte hartu. Bere tokia Luca Badoer italiarrak beteko du. Schumacherren hitzetan, «Lucak ni baino denbora gehiago darama Ferrarin. Taldeari ezin badiot nire laguntza eskaini, irtenbide logikoena da. Nire egoerak baino Ferrariko nire lagunei laguntzerik ez izateak tristatzen nau».

Motor istripua eta ondorioak

Cartagenako zirkuituan, otsailaren 11n, eroriko bat izan zuen Schumacherrek motor gainean proba batzuk egiten ari zela. Haustura anitz utzi zizkion gertaera hark eta gehienak sendatu zaizkio, larriena izan ezik.

Schumacherrek adierazi zuenez, «prestaketa oso azkar zihoan. Erraz galdu nituen lau kilo eta 1 Formula utzi nueneko pisu berbera nuen. Guztia ezin hobeto zihoan. Baina arazo bat egon da, garrantzitsuena, eta nire helburua gauzatzea eragotzi dit».

Bederatzi urtean bere mediku izan den Johannes Peilek sendagileak eman zituen osasun arazoen inguruko berriak. «Otsailean Michaelek bere ibilbideko istripurik larriena izan zuen. Burura doan ezkerreko zain bat hautsi zuen hezur printza batek eraginda. Buruaren eta zerbikalen arteko loturaren artetik pasatzen den zaina da». Gaineratu zuenez, «1 Formulan parte hartzea eragozten dion arazo bakarra okzipitalean du. Burezurraren oineko haustura bat sendatzeko hemezortzi hilabete behar dira eta hurrengo hilabeteetan terapiarekin jarraituko dugu».

«Bateriak hutsik» zituelako 2006. urtean 1 Formula utzi zuenetik, alemaniarraren pasio berria motor gainean ibiltzea izan da. Ez da egindakoaz damu: «Patuan sinisten dut eta egun hartan halabeharra erortzea izan zen. Alde positiboari begiratuta istriputik bizirik irten nintzen behinik behin».

Michael Schumacherrek eskerrak eman nahi izan zizkion Ferrari taldeari, «aste bi hauetan emandako laguntza eskergagatik eta batez ere jarraitzaile guztiei, erakutsitako sostengu eta grinagatik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo