Jaialdiaren 20. urteurrena
Cyranoren etxean bizi den Arnaga festibala
Cyrano de Bergerac pertsonaia ezaguna sortu zuen Edmond Rostand idazleak Kanbon eraiki zuen jauregiak antzerkiarekin bat egiten du duela hogei urte sortu zen Arnaga festibalaren bitartez. Lorategiak eta gazteluak mota guztietako antzezpenetarako agertoki bikaina bilakatzen dira hiru egunez. Igandera arte hainbat antzerki emanaldi egingo dira bertan.
Idoia ERASO | KANBO
Antzerkiari esker sortu den toki honetan antzerkia bizitzen dugu, jauregia biziarazten dugu», azaldu zuen Didier Reyk, Arnaga festibala antolatzen duen Accords elkarteko presidenteak. Arnagak kanpotik Lapurdiko etxe zahar baten itxura baldin badu ere, ehun urte besterik ez ditu. Edmond Rostan idazleak «Cyrano de Bergerac» antzezlanarekin lortu zuen diruarekin eraiki zuen 1906. urtean. Bertan bizi zen bitartean «Chantecler» lana idatzi zuen eta lan horren antzezpena Arnagara ekartzeko egitasmoaren bitartez sortu zen aurten hogeigarren edizioa ospatzen duen festibala.
Toki miragarri horretan ospatu dira orain arteko edizioak, lorategia eta eraikin nagusia dekoratuaren parte bilakatuta. Festibala aldi berean jaialdia ere badela nabarmentzen dute antolatzaileek. Antzezlanez gain, frantses eta ingeles estiloko lorategi argituetan barna ibil daiteke gauean ikuslea. Agertoki gainean ikusi dituen artistekin ere mintza daiteke ikuslea, edalontzia eskuan. Hori dela eta, «jaialdi» izena ere ondo merezita du festibalak.
Jean Laurent Cochet zuzendari, aktore eta batez ere arte dramatikoko irakasle ezagunak Pariseko bere ikasleekin Rostandek Kanbon idatzi zuen antzezlana landu zuen, eta ondoren obra idazlearen etxean antzeztea erabaki zuen. Kanboko pertsona batzuekin harremanetan jarri zen, eta Pariseko berrogei ikaslerekin etorri zen Euskal Herrira. Didier Rey hasiera horretan zeuden pertsona horien artean zegoen eta horrela kontatu zuen jaialdiaren hasiera: «Antzerkian lanean aritu ginen lagun talde bat ginen eta Cocheten ideia desafio gisa hartu genuen. Normalean sei hilabeteko lana duen antolakuntza bi hilabetetan egin genuen eta arrakasta izugarria izan zuen; seiehun pertsona etorri ziren».
Azkenean Edmond Rostandi buruzko hiru eguneko festibala antolatu zuten, eta etxeak eta lorategiek eskaintzen zituzten baliabideak hartuta, jaialdi ederra antolatu zuten. Cyrano De Bergerac Arnagako lore eta zuhaitz artean murgildu zen eta Roxane bere maitea lapurtar itxurako leihoetan agertu zen.
Etxean «Chantecler» lana antzezteko erabili ziren animalia jantziak aurki daitezke. Idatzia izan zen garaian arrakasta handia lortu ez zuen lan honek gizarte burgesaren kritika egiten du animalien mundua baliatuta, Arnagako etxean naturak inguratuta bizi baitzen idazlea. Cyrano ere presente dago Arnagan, obrari eskainia dagoen liburutegian bereziki, nahiz eta bere arima toki batean baino gehiagotan senti daitekeen. 1.500 liburu zituen Rostanden liburutegia pertsonaia ezagunaren inguruko informazio eta objektuz beteta dago gaur egun. Esaterako, Gerard Depardieu aktore ezagunak pertsonaia sudur-handia antzezteagatik irabazi zuen Cesar saria bertan atzeman daiteke.
Hasiera arrakastatsuaren ondorioz, etxearen eta antzerkiaren arteko loturara garatzea deliberatu zuen orain Accords izenez ezaguna den elkarteko «lagun taldeak». «Akitaniako hainbat konpainiarekin harremanetan jarri ginen eta Euskal Kultur Erakundearekin batera euskaraz eta frantsesez eginak ziren antzezlanak ekarri genituen», azaldu zuen Didier Reyek. Hasieratik militantziaren aldeko apustua egin zuten elkartetik, «antzerkiaren sarrera zinemaren prezio berean saldu ahal izateko». Aurten abian jarri dituzten abonamenduekin zinema baino merkeagoa izatera ere heldu dela nabarmendu zuten elkartetik, izan ere, 21 euroren truke hiru antzerki emanaldi ikus daitezke, eta Arnagatik kanpoko bi emanaldietako bat doakoa da. Aurten jauregiko lorategietan egiten diren ohiko hiru gaualdiez gain, beste bi antolatu dituzte inguruko antzerki taldeekin elkarlana indartzeko, bata Itsasun eta bestea Luhuson.
Hori lortzeko, elkarteko kideek beharrezko lan guztiak egiten dituzte, agertokia muntatzetik aparkalekuan bisitariari tokia atzematen laguntzeraino. «Egunero berrogeita hamar pertsonok egiten dugu lan festibal garaian», azaldu zuen presidenteak.
Artearen plazerra elkarrekin bizi nahi izan duen taldeak osatu du Accords elkartea, Arnaga sortu zuen artistarekin bat eginik. Hasieran lanean aritu ziren hogei pertsonetatik denek jarraitzen dute eta beste lagun askok egin dute bat proiektuarekin. Egun berrogeita hamar bat dira, «helduenek laurogei bat urte dituzte eta gazteenak hamasei».
Antzerkiak denontzat
Antzerkia landa giroan zabaldu nahi izan du elkarteak azken hogei urteotan, eta helburua bete dutela ere esan daiteke emaitzei begiratuta. «Egunero zazpiehun toki izaten dira eta azken urteotan egunero beteta egon da; aurtengo salmentei begiratuta, azken edizioetako arrakasta lortuko dugula espero dugu», esan zuen elkarteko presidenteak.
Arte eszenikoen zabaltzeari dagokionez, Accordsek ez du urtean behin ospatzen den ekimen hau soilik bultzatzen, urte osoan, hilero, inguruko talde eta elkarlteekin elkarlanean ekitaldi ugari antolatzen dituzte. «Lehen urtetik Kanboko salan landa eremuan antzerki proposamenak aurkeztu ditugu, lanaren hizkuntzari eta estiloari begiratu gabe, baina kostaldeko eskaintzarekin bat eginez», azaldu zuen Reyk.
«Antzerkiaren eta tokiaren magiarekin bat egiten dugu denok. Etxeak bere jatorria oroitarazten du, aktoreentzat hemen jokatzea miragarria izaten da», aitortu zuen antolatzaileak. Aurten Shakespearek idatzi zuen eta lorategi batean gertatzen den «Udako gau bateko ametsa» antzezlana ekarriko du Viva La Comedia taldeak. Edmond Rostanden idazle miretsienetako bat zen antzerkigile ingelesa, eta horren adierazle da lorategian dagoen haren bustoa, eta horren aitzinean antzeztuko dute komedianteek.
Arnagako eraikinak kanpotik baserri zahar baten itxura baldin badu ere, antzerki munduko artista batek sortua izan zela argiki nabarmentzen da barnealdean. Etxearen dekorazioak eta egiturak luxu handiko gaztelu baten itxura dauka, baina, antzerkigintzako dekoratuetan gertatzen den bezala, ikuslea tronpatzeko elementu asko dago. Marmola diruditen margoak edo espazioa handitzeko balio duten ispiluak toki zehatzetan kokatuta daude. Gazteluko gela nagusian Cyranoren balkoia edota Shakespearen Romeo eta Julietarena oroitarazten duen gune ederra sortu zuen idazleak etxea diseinatu zuenean. Historiak esaten digu idazleak bere gonbidatuen harrera egiteko tokitzat baliatzen zuela, Parisen bizi zen antzerki giroaren oroigarri gisa.
Etxea kanpora begira egina da, inguratzen duten lorategi eta mendi ederren ikuspegiez gozatzeko aukera emateko. Natura eta erosotasuna izan ziren etxea egituratzeko kontuan hartutako ezaugarri nagusiak, baina dekorazioa ahantzi gabe. XX. mendean ohikoak ez ziren baliabide asko atzematen dira bizitza erosoagoa egiteko. Baina bisitariaren arreta deitzen duena detaileak dira. Rostanden liburutegiko burdinazko atean barnealdetik erretirorako tokiari egokituta lore itxiak ikus daitezke; aitzitik, lore berak kanpotik ikusita irekita daude.
Arnaga festibala sortu zenetik antolatzailea den Accords elkarteak antzerki talde eta bestelako kultur erakundeekin elkarlanari lehentasuna eman dio. Hogeigarren urteurrenaren karietara, talde lan hori garatzeko asmoa aurkeztu du elkarteko presidente Didier Reyk: «Aurten bi emanaldi antolatu ditugu kantonamenduko beste taldeekin elkarlanean».
«Festibalaren etorkizuna elkarbanatu nahi dugu, hurrengo urtean Pinpulka taldearekin batera antolatuko dugu. Eraberritzea Luhuson ezartzen ari den taldeen instituzionalizatzearekin bat egiteko ere ari gara garatzen», adierazi zuen presidenteak. Elkarlanak aurrera eginez gero, jaialdiaren antolakuntza antzerki taldeen esku uzteko asmoaren berri eman zuen Reyk. «Horrela beste ikuspegi batetik antolatuko da, beharbada, kale antzerkia bezala egingo dute, lan hori egiten baitute beraiek. Hori ere oso polita litzateke, lorategietako gune ezberdinak profitatuz», gaineratu zuen presidenteak.