GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Helduen eguna Donostian

Mahai-tapiz berdea eta garbantzuak

Jaiek ez dute adinik, ezta musean aritzeko zaletasunak ere. Hala, biek bat egin zuten Helduen Egunean Piraten eskutik. tapiz berdeen gainean, onenek irabazi zuten.

Oihane LARRETXEA

Mahai mordoa zegoen Sarriegi Plazan, eta inguruan, musean edota tutean jokatzeko bikotearen aurrean eserita, zale ugari, batez ere hirugarren adinekoak.

Estrategia buruan akaso, begi batez aurkaria kontrolatzen zuten, eta besteaz, bularrarekin estaltzen zituzten kartak begiratzen zituzten.

Alboan inor nahi ez zuenik ere bazegoen. «Ez dut gomendiorik nahi, nahastu egiten naute!», zioen Isidorok.

Partidek aurrera egin ahala bikote batzuek irabazi eta beste batzuek galdu egin zuten.

Irabazleak eta galtzaileak bereizteko mahai inguruko giroa ikustea nahikoa zen: baztertuta gelditutakoek aurpegi lasaiaz umoretsu zeuden. Oraindik garaile suertatzeko aukera zutenek, aldiz, hitz gutxi, eta bikoteak huts eginez gero gainera, errieta egiten zioten. «Baina Antxon, zer egin duzu?», Txarok bikoteari.

Tutean aritzeaz gain, musean zebilenik ere bazen, nahiz eta hirugarren adinetik ezer gutxi zuten. Zaletasunak bultzatuta, beraiek ere parte hartu nahi eta «bai», «pareak», «jokoa», «ez», «hiru» soilik entzuten zen.

Mahai-tapiz berdeak garbantzuz beteta, puxtarriak gora, puxtarriak behera, oso berdinduta zegoen partida. «Ze karta txarrak! Galtzen badugu, ez da gure erruagatik izango!», zioen jokalari batek.

Hamaiketakoa

Azken partidak jokatu aurretik mokadutxoa eskaini zuten antolatzaileek. Helduei ura eman zieten hasieran, baina baten bat kexu zen. «Ez al dago sagardorik guretzat?», galdetu zuen Martak.

Beraz, sagardoa eta txorizo egosia denentzat, kamiseta zikindu zuenik ere bazen. «Nola garbituko dizut hori?», egin zion errieta Txarok Antxoni.

Jatekoaren ostean ekin zieten finaleko partidei. Azken aholkuak eta azken estrategiak aurkariari irabazteko.

Karta sorta hartu, nahastu, moztu eta banatu. «Guztiak daudela ziurtatu al duzu?», zioen Eugeniak.

«Hordago!». Beste mahaian irabazi zuten, eta dagoeneko eskatu zioten errebantxa.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo