GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Egitarau ofizialetik at ere, Aste Nagusiari musika dario

Jaietako «beste» soinuak

Botika Zaharrean, Abandoibarran edota Plaza Barrian, makina bat aukera eskaintzen ditu Aste Nagusiak, besteak beste, musikaz gozatzeko, ezinbesteko diren txosnen egitaraua ahantzi barik. Eta Bilboko jaiak kalean bizitzekoak badira ere, egitarau nagusitik at proposamen interesgarriak aurkitu ditugu Guggenheimen, Itsas Museoan zein Kafe Antzokian.

p044_f01_286x180.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Sanferminak aspaldiko kontua dira jada, Gasteizko eta Baionako jaiak iragan astean bukatu ziren eta Donostian bukatzear da Aste Nagusia. Alabaina, hasteko irrikitan dira Bilboko jaiak. Kalea gune nagusi duen Aste Nagusia da Bilbokoa, besteak beste, musikaz blai ageri dena. Eta kalea da jaiak ospatzeko tokirik aproposena, dela Botika Zaharreko oholtza nagusian, dela txosnek eskaintzen dituzten musika gutiziekin dantzan (jai hauek ezin dira ulertu konpartsen parte hartzerik gabe). Ahaztu gabe, hemendik gomendatzen dugun Plaza Barriko agertokia, munduko soinuen erakusleiho. Alta, eta egitarau ofizialetik kanpo, proposamen interesgarriak aurki daitezke areto itxietan ere, Itsas Museoan eta Guggenheimen (disko jartzaileak eta jazz musika) eta, batez ere, Kafe Antzokian.

Nabarmentzekoa da Bilboko Kafe Antzokiak Aste Nagusirako aurkeztu duen egitaraua. Goi mailako hamabi talde sei gautan, eta zuzeneko bakoitza 10 euroren truke, 22.00etan hasita. Hasteko, bihar The Pretty Things taldea izango da bertan. 60ko hamarkadan sortua, The Rolling Stones taldearen pare ibili zen hastapenetan eta ezinbesteko klasikoak dira, oraindik errepidean dabiltzanak, Dick Taylorren gidaritzapean. Eta Britania Handiko taldea laguntzen, The Right Ons madrildarrak, aspaldiko rock & roll doinuen zale, «Look Inside Now» bigarren lana aurkezten.

Igandean atseden hartuko du aretoak, astelehenean dancehall doinuak jorratzeko, Morodoren ahotsetik. Badira bi urte Euskal Herrian jotzen ez duena, eta hauxe izango da aurten, eta The Ranking Soldiers taldeak lagunduta, gurean emango duen kontzertu bakarra, lan berria prestatzen baitabil. Izarrari bidea Novato & Mad Muasel bikote bizkaitar gazteak emango dio, eta «Bumclap Teachers» diskoa aurkeztuz.

Egunetik gauera estiloz aldatu eta jendetsua izango da asteartea ere, puri-purian baitago Zebrahead taldea gaztetxoen artean. Punk edo power pop bizkorra jorratzen duen taldeak «Playmate of the Year» lanarekin lortu zuen arrakasta eta «Phoenix» aurkeztuko du. Gainera, kaliforniarren eskutik Restart bilbotar boskote gaztea ezagutzeko parada izango dugu.

Aste Nagusiak erdiak ematen dituenean lau euskal talde bilduko ditu Kafe Antzokiak, bikainak eta eskarmentudunak laurak. Asteazkenean, zuzeneko gartsuarekin bueltan den Ama Say ezinbesteko taldea, eta beraiekin batera, Audience. Ia-ia konturatu barik, hamar urte bete ditu boskoteak aurrenekoz oholtza gainera igo zenetik, eta uda mutu pasatzekoak baziren ere, Bilboko zuzenekoa taldearen ibilbidea laburbiltzeko erabiliko dute, egun masterizazio prozesuan duten eta aurki plazaratuko duten lan berriko lauzpabost kantu tarteko.

Ostegunean, berriz, Argentinan jaio eta bilbotartutako Capsula hirukotea izango da, «Rising Mountains» azken lana aurkezten -gero, eta berezitasun modura, Ivan Julianekin (The Voidoids) batera emandako «The Naked Flame» (Bloody Hotsak) plazaratu zuten-, eta Zarauztik Bartzelonara egin, eta handik mundura «Ayrton Senna Ep» bikaina zabaltzen ari den Delorean. Laukotea garaiezina da egun, eta nazioarteko merkatuan goraipamenak lortu dituzte dagoeneko (Pitchfork ezagunean, esaterako, 10etik 9: bikain).

Aste Nagusia ostiralean bukatuko da Kafe Antzokiko oholtzan, eta Ray Gelatok emango die jaiei azken miazkada. Ingalaterrako erreginarentzat zuzeneko berezia emandakoa da Gelato, eta Aste Nagusiak ez du gutxiago merezi. Iragan garaietako jazz showman handien edo gangster arriskutsuen antza du morroiak, eta sua emango dio Bilboko gauari swing erritmo ezin dibertigarri eta dantzagarriagoekin.

Britainiarrarekin aurretik etxeko ordezkari Santiago Delgadok joko du, The Runaway Lovers taldekideekin batera, Hanky Panky Records zigilu bizkaitarrean plazaratutako lau kantako Ep-a zuzenean emateko.

Jazz Guggenheim

Iazko bidea jarraituz, Bilboko Guggenheim Museoak ere bat egingo du aurten Aste Nagusiko jai giroarekin, eta lau jazz gau antolatu ditu, 23.00etan hasi eta 02.00ak bitarte, jendeak kontzertuak entzuteaz gain (taberna ere jarriko dute), erakusketak ere bisita ditzan, horrela nahi izanez gero. Sarrerak 14,5 euro balio du, eta kontzertuez gain museoko erakusketak ikusteko aukera eskaintzen du.

Egitaraua asteartean hasiko da Wendell Bruniousen laukotearekin. Tronpeta-jotzaile fina dugu Brunious, 1954an New Orleansen jaioa (AEB), Bilbon Gerard Nieto (pianoa), Esteve Pi (bateria), Ignasi Gonzalez (kontrabaxua) musikariek lagundua izango dena. Biharamunean, abuztuaren 19an, Jorge Rossyren txanda izango da. Besteak beste, Brad Mehldaurekin bateria jotako katalana, musika tresna aldatu eta pianoa jotzen ari da egun, eta Bilbon Mark Turner (1965 Ohio, AEB) saxofoi tenore jotzaileak lagunduko du.

Ostegunean beste katalan batek hartuko du atrioa, Albert Boverrek. Besteak beste, Gorka Benitezen taldekide izana da Bover, eta Bilbon hirukotean joko du, David Xirgu (bateria) eta Masathosi Kamaguchi (kontrabaxua) musikariekin batera. Eta egitarauari bukaera emateko, Itxaso Circle Game abeslari gazteak Vic Moliner (baxu elektrikoa) katalanak eta Borja Barroeta (bateria) zein Iñaki Salvador (pianoa) euskal musikari bikainekin osatutako taldea.

KAFE ANTZOKIA

Aste Nagusian ere ez da ixten Kafe Antzokiko oholtza. Besteak beste, eta sei gautarako, bertan izango dira Ray Gelato, The Pretty Things, Morodo, Delorean, Zebrahead, Capsula, Ama Say eta Audience goi mailako taldeak.

MUSEOKO SOINUAK

Guggenheim museoak, iaz bezala, jazz egitarau interesgarria antolatu du aste barruko lau gaurako. Itsas Museoko terraza, berriz, Bilbo inguruko disko jartzaile entzutetsuenek hartuko dute, festa dantzan izerdi patsetan jartzeko.

«Dance usted» en la terraza del Museo Marítimo, con los Dj del momento

El Museo Marítimo de Bilbo se suma a la Aste Nagusia con una terraza junto a la ría (¡debajo del puente de Euskalduna!), donde se programarán sesiones dobles de disc jockeys. En la parte electrónica, Iñaki Abasolo y Txabi Hi-Fi abrirán mañana la fiesta mientras que de los platos de la zona indie-pop se encargará Bilbadino. La semana electrónica prosigue con I-Real y Balza el domingo, Auto y Arne Ö el lunes y JL Primo más Beware the Wolf el martes. Arne Ö repite el miércoles junto a DJV Sound y el colofón final lo ponen Morgan Hammer el jueves, Ducki y Damon Jee el viernes y Dj Mister con Fernando Carvalho el sábado 22. En la parte indie-pop, Lourdes Madow, Mimoloco, Juanelo & Torero, Plastic Adict Djs y Kinki, más Angel Idiota, Santo, Galan Dj y Mr. Chase, se repartirán la semana, a partir de la medianoche.A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo