GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Progrez jantzitako Cromagnonak

Blanca Izkue | Musikagintzako langilea

Musikari eta musikazaleen unibertsoan, oro har, iritzi aurrerakoiak dira nagusi, edo halako plantak egiten dira. Lagun eta zutabekide dudan Morauk kantu batean dioen bezala, «guai» gara denok. Pentsatzekoa da musika talde bat ikustera joaten direnek, hein batean sikiera, talde hori gustuko dutela, ongi pasatzera joaten direla, sufritzera inola ere ez. Batzuk, aldiz, odol gaiztoa egitera joaten omen dira, haien barruko samina, frustrazioak eta gorrotoa musikarien kontra jaurtitzera, futboleko arbitroen kontra «perlak» jaurtitzera joaten diren zorigabe horien antzera. Kontzertuak eta futbol partidak komunean duten osagai katartikoa. Orain gutxi, Leganesen, Lendakaris Muertos taldeko abeslariak zenbait jostura puntu jaso behar izan zituen kontzertuaren ondoren jasotako erasoengatik. Batzuentzat, antza, sobera nekeza da umorea eta ironia ulertzea.

Kulturaren eta artearen ingurukoak pertsona irekiak, aurrerakoiak eta adeitsuak omen dira. Arteak berak, apurtzailea den aldetik, gure ondokoen gustuak errespetatzen lagundu beharko liguke. Homosexualitatea onartzea edo gutxienez errespetatzea, aldiz, zenbait «progre»k oraindik ulertu ez duten ideia da. Pet Shop Boys taldeak pasadizo esanguratsua kontatzen zuen haien azken diskoaren promoziorako elkarrizketa batean: dakizuenez, bikote artistikoko abeslariak aho betean adierazi du beti bere homosexualitatea. Bada, orain dela hogei bat urte, taldearen kantu arrakastatsu batek Ingalaterrako irrati zerrendetako lehenengo postua lortu zuen. The Pogues irlandarrek bigarren postuan zuten single bat. Lehia horren barruan, The Pogues-eko partaide batek honela gutxiesten zuen Pet Shop Boys-en kantua: «Hara!, ez al digute, ba, bi marikoik eta erritmo kutxa batek aurrea hartu?». Iraindutako taldeko abeslariak, azkarra eta ironikoa berau, honela gogoratzen zuen: «Ez, ba, marikoi bat eta biolin asko ginen The Pogues-i urte hartan aurrea hartu genienak». Ez dugu, ordea, Erresuma Batura joan beharrik zenbaiten jarrera homofoboak ezagutzeko. Gure artean ere izan dira, eta zoritxarrez badiraute halako portaera penagarriek. Adibide bat jartze aldera, bere garaietan aski arrakasta lortu zuen euskal talde baten zenbait kontzertutan, gazte talde batek (gazteak, euskaldunak, ezkertiarrak eta aurrerakoi plantak egiten dituzten horietakoak), agertokiaren azpian kokatuta, taldeko abeslariari orkatiletan sekulako ostikoak ematen zizkioten, marikoi mikrofonoduna jasan ezinda edo.

Intolerantzia, homofobia eta xenofobia kontuetan hobe dugu pilak jartzea, etorkizunak ekarriko digunari susmo txarra hartzen diot-eta.

Gomendioak

Kafe Antzokia:

BIHAR: The Pretty Things + The Right Ons.

ABUZTUAK 19: Audience + Ama Say.

ABUZTUAK 20: Delorean + Capsula.

Guggenheim Museoa: ABUZTUAK 19: Jorge Rossy & Mark Turner.

ABUZTUAK 21: Itxaso Circle Game.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo