Luis Bandres EHUko irakaslea
Joxe M. Agirre, «Txato», hil da
Eskarmentu handiko laguna zela esan dezakegu. Tamalez, azken denboraldi honetan bere osasun egoera ez zen ona, gaixotasun gogorra zuen
Aurreko astelehenean, hilak 10, gure laguna, Txato, istripu gogorra izan ondoren zendu zen Panticosan. Bere familiarekin atseden egun batzuk pasatzen ari zen, eta esandako egunean, lagun batekin mendira joan zen. Mendiaren gailurra zapaldu ondoren, dirudienez, oreka galdu zuen eta eroritakoan buruan kolpe itzela hartu eta hil egin zen. Berehala laguntza-taldeak inguratu ziren, baina alferrik. Haren sendiari besarkadarik handiena eta doluminik sakonena.
Txato, irakurri dudanez, Tolosan jaio zen, baina ni, sarritan berarekin hizketan ibilia, ataundarra zelakoan nengoen. Herritik, garai hartan oso normala zen moduan, apaiz izateko seminariora joan zen eta bertan urte batzuk bete zituen. Bertan, barneko nahiz kanpoko giroa zela-eta, garai hartako ETAn sartu zen. Handik, trantsizio garaian, Euskadiko Ezkerrera pasatu zen eta geroago EAJ alderdira, eta horretan jarraitzen zuen.
Nik orain dela berrogei urte ezagutu nuen; hau da, hirurogeiko hamarkadan, eta harrezkero, gehiago edo gutxiago, nolabaiteko harremana izan genuen beti: politika zela, kultura zela edo euskara zela. Bera bere laguntza emateko prest zegoen beti, eta asko zeukan emateko.
Nik berarekin izandako lehenengo harremana 1963an-edo izan zen. Garai horretan talde politiko batekin Izaban, Aste Santu batean, egonaldia izan genuen. Gero, gau batean, handik etorri eta, Donostian, berak auto batetik propagandako orri batzuk atera zituen eta gure artean, besteak beste, banatu zituen. Gu ez ginen ETAkoak, baina lagundu egiten genuen paperak banatzen eta abar. Gu Ingeniaritzako ikasleak ginenez, eta eskolako hainbat taldetan genbiltzanez, faxismoaren kontrako mugimendu guztiei laguntzen genien.
Geroago, Txato seminariotik irten eta, Zientzia Ekonomikoak ikasi zituen. Ikasketa horiek bukatu ondoren, administrazioan nahiz politikan izugarrizko eskarmentua lortu zuen. Horregatik, hainbat kargu bete zituen: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde, Gipuzkoako Ekonomiako foru diputatu, Eustateko zuzendari eta Tolosako zinegotzi, besteak beste. Bestalde, eta urte honetako martxora arte, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gai ekonomikoetako aholkularia zen. Beraz, eskarmentu handiko laguna zela esan dezakegu. Tamalez, azken denboraldi honetan bere osasun egoera ez zen ona, gaixotasun gogorra zuen.
Esandako gauza horien guztien gainetik, beste berezitasun nagusi bat zeukan: kirol zaletasuna, alegia. Naturarekin zerikusirik zeukaten kirolak, batez ere. Besteak, esate baterako, pilota, eskia -fondokoa nahiz pistakoa-, parapentea... ahaztu gabe. Eta guztien gainetik, mendia. Mendian lasaitasuna, giro baketsua eta abar aurkitzen zituen, eta bertan hil zaigu gure laguna.
Zer esanik ez, inori hiltzea ez datorkiola ondo eta denok luzeago bizi nahi dugula gauza jakina da. Baina Txatok, berak izan duen heriotzaren gisako azkena aukeratzeko ahalmena izanez gero, agian ez lioke ezetz esango. Antzerako heriotza izatea, ez dugu esango noiz, noski, berak izenpetutako zerbait izango litzateke: mendi gailur bat egin ondoren, Naturaren erdian. Beti arte, Txato.