Burlatak sei egun ditu prestatutako egitarau oparoaz gozatzeko
Miguel Rubio izango da, gaur, eguerdiko hamabietan Burlatako festei hasiera emango diena. Sei egunez jai giroa izango dute herrian, egitarau ofizialari eta herri mugimendu eta Axular elkarteak prestaturiko egitarau oparoari esker. Kale ikuskizunen alde egin dute apustu aurten Burlatan eta, noski, urtero egiten den Kalderete bazkaria aurten ere izango da.
Izaro ARBILLA
Urte osoa zain eman ostean, gaur, 12.00etan, hasiko dira Burlatako jaiak udaletxeko balkoian Miguel Rubioren eskutik. Gazte mugimenduak, aldiz, bost minutu lehenago jaurtiko du suziria, prestatutako egitarau alternatiboari hasiera emateko.
Herriko gazteek 11.55ean emango diote hasiera sei egun iraungo dituen jaiari. 13.00ean euskal presoen aldeko brindisa egingo dute eta herri bazkariarekin amaituko dute goiz partea. Arratsaldean etxabeetan poteoa izango da eta seietan salbe alternatiboa, aurreko urteetan arrakasta handia izan duen ekitaldia azken hau. Elektrotxarangarekin batera joan ohi dira udalbatzak egiten duen paseoren ondotik, horren parodia eginez. Txosnak ere izango dira eta bertan hainbat ekintza dituzte prestatuta, besteak beste, sexu gaua, karaokea, film laburren emanaldiak, kontzertuak; Khous, Ekon... Mozorro, kalderete eta mus txapelketak ere antolatu dituzte.
Kalderete herri bazkaria
Ehunka burlatar elkartzen dira urtero Nogaleran. Xedea: koadrilaka, kalderetea prestatzea. Ehun koadrila baino gehiagok eman dute izena aurten eta oraindik ere epea zabalik da. Aspaldiko ohitura da hau, eta urtetik urtera arrakastatsuagoa da. Hasiera batean «Los antiguos» herriko taldea hasi zen egiten eta gaurdaino iritsi da ohitura. Udalak antolatzen du, eta 15 euroko txartela erosita, Udalak, 3 kilo untxi, 3 kilo patata, 3 ogi, fruta, ardoa eta egurra ematen dizkie partaide bakoitzari. Beste herrietan ez bezala, hemen ez da lehiaketarik egiten. Urte batean euriaren erruz bertan behera geratu zuten, baina bestela ez diote inoiz ohitura honi uko egin burlatarrek. Aurten 17an egingo dute, astelehenean.
Jaietako beste egun garrantzitsuetako bat Peñen Eguna da. Igandean ospatuko dute aurten. 18.00etarako jarduerak prestatu dituzte zezen-plazan; ohitura da peñetako kideek zekorrak toreatzen duten trebezia erakustea. Hau bukatuta, bigantxak askatuko dituzte ausartienek goza dezaten.
Aurten kale antzerkiaren alde egin dute apustu egitarauari ukitu berri bat emanez. Larunbatetik asteazkenera, egunero izango dira emanaldiak. Larunbatean, «Ándale Calaveritas» izeneko kalejira antolatu dute Spiral Teatro konpainiakoek, Mexikoko ohituretan oinarrituta. Igandean, berriz, «Dragones» ikuskizuna izango da Sarruga talde katalanaren eskutik. Titere mekanikoa izango da, 4 metroko altuera duena. Astelehenean Sienta la cabeza talde katalanak «ileapaindegi eroa» plazaratuko du. Asteartean, Trapu Zaharra konpainiaren «Vis a vis» kale antzerkia, Eugenio Torres plazan, eta, azkenik, asteazkenean, «Kaña» ikuskizun ibiltaria, «lurralde ezezagunetik etorritako ibilgailu futurista batek kaleak beteko ditu musika kañeroaz eta zangaluze ero eta harrigarriez, pirotekniaz lagunduta». Honekin emango diete amaiera Burlatako jaiei.
Peñek ere prestatu dute beren egitaraua, ofiziala osatze aldera. Horien artean, Aldabea, EuskalHerria eta Karrikagoiti peñak daude. Axular kultur elkarteak ere antolatu du berea. Bertan, herri mugimenduak eta peñek egindakoan bezala, larunbatean egingo den Euskararen Eguna aurki daiteke. Axular elkartea herrian euskararen alde egiten duen elkartea da.
Bai Udalak bai bestelako taldeek antolaturiko egitarauak, finean, Burlatako herritar guztiek, gazte zein helduek, ondo pasatzeko prestatuak dira. Horrela, haurrentzat jolas parkeak antolatu dituzte, baita buruhandi eta kilikien konpartsak ere, entzierroa, zezensuskoa, haurrentzako berbena...
Horrez gain, egunero txarangak irtengo dira, bai «Nesken»a eta baita «Txogarima», herriko karrikak musikaz alaitzera.
Gaur lehen eguna eta aurretik, beste sei; gozatzera, bada!
Gauero gazteen gunean hainbat kontzertu eta dantzaldi izango dira; Egan orkestra, Ekon, Khous, Khamul, Kraken, Motobomba, La prima Janis Arantxa Ojetarekin, Uruburu Melenadro (Brasileko musika)...