GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Txanponak desio bilakatzen dituen zubia

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Donostia Aste Nagusiko festetan bete-betean dugu egunotan. Orain arte eguraldia asko laguntzen ari ez bada ere, ez da jenderik falta hiriko kontzertu eta ospakizunetan. Adin eta leku guztietako jendea dabil kaleetan, baina badira hitzordu bi galtzerik ez dituzten erromantiko batzuk ere. Gaueko hamaikak laurden gutxiagotan hasten diren suak ikustera doazen horiek, eta baita Gipuzkoa plazako ahateen putzu eta zubiaren ondoan gauerdia baino lehenago geratzen diren beste horiek ere. Izan ere, gauerdia heldu aurretik, izarren eta ahateen babesean, zubira igo eta txanpona botatzen dute putzura, eta txanponarekin batera, desio bat. Eta ilusioarekin batera, antzerkia.

Erromantiko jarri naizen honetan, ezin ahaztuko dut hiriko festak zabaldu zituen omenaldi hunkigarria. «Laboaren munduak. Hegaldi bat Mikel Laboaren mundu artistikoan barna». Izan ere, artista handi honen lagun eta jarraitzaile ugari bildu zen Victoria Eugenia antzokian gizon handi honi azken agurra ematera. Ekitaldirako sarrerak berehala agortu ziren eta antzokia lepo eginda egon zen une benetan hunkigarriak biziz. Hala nola Ruper Ordorika abeslariak artistari «Sekulabelardiko kantaria» izeneko kantua eskaini zionean: «Gauza txikien erresumatik partitu da maisua. Euskaldun jendea negarrez dago...». Eta baita ekitaldiaren amaierako «Hegazti errariak» eta «Haika mutil» kantuak jendez beteriko antzokian entzun zirenean ere.

Baina guztia ez da erromantikoa izaten ari, izan ere, piratak izan ditugu hirian. Pirata narras samarrak egia esan behar badut, ze gehientsuenak, ez ziren Kontxako hondartzaraino eramango zituen fundamentuzko itsasontziak egiteko gai izan. Baina esan beharra dago, hiria abordatzera etorritako pirata gazte eta ez hain gazte hauek sekulako giroa jarri zutela moilan, bai eta Kontxako hondartzan ere. Eta erromantiko jarriko naiz berriz ere, izan ere, antzerkiaz mintzatuko bainaiz eta gai honi dagokio erromantikoen bigarren nahitaezko hitzordua. Txanponarekin desioa putzura bota ostean, Gipuzkoako ordulariak gauerdia jo aurretik, antzerkia ikusteko aukera baitugu gauero. Hala nola Punto&Clown taldearen «Vida Clownyugal», Pikor Teatroaren «Ellas bailan solas», Higiénico Papel Teatro taldearen «Ordubete sukaldean», Trapu Zaharraren «Lehiaketa», Atikus taldearen «Cucumis-Melo» eta Enlalona taldearen «Entre bastidores» izan ditugu orain arte. Eta gaur, postre gisa, azken lana ikusteko aukera izango dugu Ez dok hiru bikorteatroaren eskutik, «Larru haizetara» hain zuzen ere. Izenburu adierazgarri honekin, ez dakit zer gertatuko den zubira gerturatu eta desioz beteriko txanpona putzura botako duten horiekin.

Baina ez pentsa «teatrero» guztiak festarik festa dabiltzanik, izan ere, Antzerkiola Imaginarioa taldekoak lanean buru-belarri aritu baitira orain arte Iparraldeko Luhuso herri txikian hilabetez. Baina poema baten inguruan sorturiko ikuskizun berri hau ikusi ahal izateko, taldearen bosgarrena, urriaren 9ra arte itxaron beharko dugu, orduan estreinatuko baita Zornotzako antzokian. Bada, beraz, erromantikoentzat, desio bilakatzen diren txanponekin beste zubi baten bila irteteko aitzakiarik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo