GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Ilustrazioa, diaspora eta Eskozia, Edinburgoko 63. jaialdian

Ilustrazio garaiko ideia eta pentsamenduak, diaspora eta etxearen nozioa, eta Eskoziak munduan duen tokia dira gaur Edinburgon abiatuko den nazioarteko jaialdiaren 63. edizioko gai nagusiak. Antzerkia, opera, dantza eta musika izango dira irailaren 6ra bitartean.

p048_f01_97x128.jpg

GARA | EDIMBURGO

Edinburgoko kaleak hiru astez antzerkiaz, operaz, dantzaz eta musikaz janzten dituen urteroko hitzorduak XVIII. mendean Ilustrazioak ekarri zuen jauzi intelektual eta zientifikoa hartu du gai nagusitzat. «Garapen teknologikoaren, probokazio filosofikoen eta aurkikuntza zientifikoen garaia izan zen», adierazi zuen Jonathan Mills jaialdiko zuzendariak. Bere ustean, Edinburgo toki paregabea da XVIII. mendera itzultzeko eta iraultza horren guztiaren iturburua hobeto ulertzeko.

«Identitatea, etxea eta etxerako itzuleraren gainean hausnartuko dugu eta artista bakoitzaren erantzunak ezagutuko ditugu», gaineratu zuen. «Ez da eskoziar ikuspuntua soilik izango. Asia hego-ekialdekoa, Australiakoa, Europakoa eta Hego Afrikakoa ere bai».

Antzerki egitarauan nabarmentzekoa da Rona Munroren «The Last Witch» (Azken sorgina) lanaren mundu mailako estreinaldia. Istorioak Janet Homeren bizitza du oinarri, Eskozian sorginkeriagatik hil zuten azken emakumea. Aipatzekoa da «Peter and Wendy» lana ere. Lee Breuer eta Mabou Minesek betiko istorioa, JM Barrie eskoziarrarenera moldatu dute. «Creseidaren testamentua» lehen aldiz taula gainean ikusteko aukera ere izango da, Robert Henryson XV. mendeko poeta eskoziarrak Chaucer-en «Troilo eta Cresida» lan bukatugabea amaitzeko saiakeran egindako poema epikoak, hain zuzen.

Laurogei urte bete berritan, omenaldia egingo zaio Brian Frieli, bizirik dirauen irlandar dramaturgorik ezagunena. Bere hiru lan aurkeztuko dira Dublingo Gate Theatreren eskutik: «Faith Healer», «Afterplay» eta «The Yalta Game».

«Mercy Madonna of Malawi» afrikar dantzen doinuekin kritika zorrotza egingo diote kantari amerikarrari Toby Goughen lanean. Operan, «St Kilda, Island of the Birdmen», gaelikoz, frantsesez eta ingelesez idatzitako obra interpretatuko du Choeur et Acrobates des Hainauts and Ensemble Musiques-ek. Arte bisualak bederatzi artistaren esku egongo dira eta eguneko kontzertu ugari ere iragarri dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo