GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Sozialistek arrazoi

Kontua da nola marrazten dugun euskararen eremua eta baskoien habitat naturaltzat har daitezkeen muga-marrak

Ez zaie arrazoirik falta sozialistei. «Euskal Herria» izendapena euskararen herriari aipamena egiteko erabili beharko genuke eta ez erakunde juridiko-administratiboari erreferentzia egiteko. Jakina!, horretan ari gara aspaldian. Euskaldunok, euskal herritarrok, bateratu gaituen Estatu izaerako erakunde juridiko-politiko-militar lehena eta bakarra Nafarroako erresuma izan da. Halaber, bai hizkuntza hori, baita erresuma hura sortu zutenak ere baskoiak ziren. Ez al da denontzat argiagoa eta zientifikoagoa horrela?

Kontua da nola marrazten dugun euskararen eremua eta baskoien habitat naturaltzat har daitezkeen muga-marrak. Gaur egun euskara biziraupen egoeran daukaten lurralde murritzak soilik kontuan hartuta ala historian zehar euskarak, eta halaber baskoiek, bereak izan dituzten lurralde osoa marraztuko da? Estatu espainol osoko curriculumetan, eta ez soilik EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan, gauza bera irakatsiko zaie eskola-ikasleei? Ala desberdina izango da hemen eta Espainian? Euskara inongo eraso, debeku eta zigorrik jasan gabe, berez galdu dela esango zaie? Nafarroako erresuma inongo eraso, inbasio eta odol isuririk gabe galdu zela irakatsiko zaie? Ala egia esango diegu, eta diete, espainiar gazteei ere?

Ñabardura gutxi batzuk gorabehera, gaur egun EITBn eta Euskalmet-en erakusten diguten lurralde mapa-marra baskoien bizileku, euskararen eremu historiko eta Nafarroako erresuma osoaren iruditik gertuago dago lehen erakusten zitzaigun zazpi probintzietakoa baino. Harrigarria bada ere (?) TVEn eta Telenorten erakusten diren mapak beste batzuk dira. Baina, gaiaren mamiari berriro helduta, nola ulertuko dugu, bada, baskoien historia, euskararen bilakaera eta Nafarroako erresumaren inbasioa mapek historia hori gertatu den eremu guztia bere osotasunean hartzen ez badute? Ez al dago aski frogatua Akitanian, Bureban, Errioxan euskaraz mintzatzen zirela bertakoak? Ez al ziren horiek Nafarroako erresuma handiaren estatu-mugak eta Baskoien habitat naturala?

Gaur egun garena, eta nola iritsi garen egoera honetara ulertzeko Espainia eta Frantziako probintzia-departamentu banaketa baino eremu zabalagoan, argiagoan eta era zientifikoagoan erakutsiko digun mapa marraztera jo behar dugulakoan nago. Har dezagun euskaraz mintzo ziren baskoi haiek egituratu zuten estatu nafarraren lurralde naturala izan zena eta konta dezagun, eta dezatela Espainian eta Frantzian ere, nolakoa izan den gure historia eta nondik datorkigun Europar Batasunean estatu propioa berreskuratzeko behar eta zilegitasun hori. Egin dezagun gure, beste hobe baten esperoan, gaur egun lurraldetasuna era osoagoan erakusten duen mapa. Esate baterako, Iñaki Sagredoren «erresuma defendatu zuten gazteluak» edo antzeko bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo