GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Urria bukatzerako bilkurarik egin ezean, auzibidera joko dut aireportuaren afera argitzeko»

p020_f03.jpg

Jean-Baptiste Sallaberry
Hendaiako auzapeza

Hendaiako auzapeza da, 2008ko martxoan udal hauteskundeetan irabazi zuenetik. Politikoki, bere burua zentristatzat definitzen du eta inolako alderdi politikoren babesik gabe heldu zen agintera. Enpresari eta 1995tik oposizioko zinegotzia izandakoak, hainbat kargu ditu gaur egun, besteren artean Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoko eta Bidasoa-Txingudi Partzuergoko presidenteordea da.

Idoia ERASO

Txingudiko badian kokatzen den Hendaiak, Bidasoaren iparraldean dagoen lehen hiria izanik, Estatu espainolaren eta frantsesaren arteko erlazioen erabakiak edo erabaki ezak pairatzen ditu. Horren lekuko, Hondarribiko aireportuaren zabalkundearen aferan gertatzen dena, izan ere, 1992an Madrilek eta Parisek sinatu zuten hitzarmena ez da berritu.

Bestalde Iberiar penintsula Europarekin lotu nahi duen Abiadura Handiko Trenaren trenbidearen gaiak ere kezkatzen du Estatu frantseseko «terminus» geltokia duen hiriko auzapeza. Berez, AHTren aurka ere ez daudela dio agintari honek, baina trenbide sare berria eratzea ez du begi onez ikusten.

Hendaiako Udalak Hondarribiko aireportuko hitzarmenaren arazoa Europara eramatea erabaki du. Zertan dago afera?

Oraingoz ez da gauza handirik aldatu. Guk galdegin dugu, lehendabizi, edozein gauza egin aitzin behar dugula mintzatu Gobernuarteko Batzordearekin, behar dugula elkarrekin bildu, eta bada kasik urte bat hori galde egin dudala.

Lehendabizi erran zuten 2008ko urte bukaeran egingo zela bilkura hori, eta gero esan dute irailean egingo zela, baina oraingoz ez dute hitzordurik finkatu. Nik hortik hasi nahi dut, bilkura bat egitetik, eta gero ikusiko dugu nola egiten dugun aurrera.

Gure artean antolatzeko modurik ez badago, nik neuk errana dut, salaketa bat egingo dudala, bide penaletik joz Gobernu frantsesaren kontra, nik afera dudalako frantses Gobernuarekin, eta ez bestaldeko Gobernuarekin.

Nik nahi dudana da bakoitzak bere ardurak hartzea, bestela hor egongo gara bakoitza gauza bat erraiten. Nahi dudana da orain gauzak argiki eman mahai baten gainean.

Noiz arteko epea eman duzu neurriak hartzeko?

Urriaren bukaeran ez baldin bada deusik egin, bilera edo bederen egun bat finkatua, nik segidan epaitegira eramango dut afera. Ez dut gehiago itxarongo.

Administrazio bidetik ere epaiketa egin da?

Bai, badira bi gauza. Ni auzapeza naizen aldetik, bide penalaren hautua egin dut. Nire aurretik zegoen auzapezak, Kotte Ecenarrok, egin zuen Corine Lepage abokatuarekin. Hor erantzun bat izan dugu, epaitegi administratiboak gure galdera errefusatu du, erranez, hala ere, egunero dauden hegaldi kopuruak legez ezarritakoa aise gainditzen duela aspalditik, eta hori gauza inportantea da guretzat.

Galdegin genuena zen aitortzea hitzarmen hori hautsia izan zela, baina epaitegiak erran du ez zela hitzarmenik, ez idatzia, ezta hitzezkoa ere. Beraz, ez da zerbait hausten ahal ez baldin bada egina. Guk horren helegitea eskatu dugu, noski.

Baina hitzarmena bazen.

1992an egina izan zenak erraten zuen eguneko hogeita lau hegaldi izan behar zirela, eta hogeita hamazortzitan gaude 2005etik. Epaitegiak erraten du ez dela akordio berririk egin.

Afera bi estatuen artean da, akordioa horrela egina zen Madril eta Paris artean, guk ez dugu indarrik sobera, bakarrik gauzak salatzeko, bestela hori ez da gure eskuetan.

Estatuaren ordezkaria den prefetarekin bildu zineten.

Bilkura egin genuen maiatzean, eta hor nire argudioak eman nituen gauzak aldatzeko, berriz 1992ko akordioan sartzeko eta hegaldi kopurua ez gainditzeko. Bertan Paueko prefeta, Baionako suprefeta, Direction Générale de l'Aviation Civile (Estatu espainoleko AENAren parekoa) ere han zen; baita Marinako komandantea eta Ekipamenduaren Zuzendaritza ere. Hor ziren denak.

Behar da jakin beste gauza bat ez dena aski erraiten, badira hegazti erreserbak badian, Plaiaundi Irunen eta Txorien irla Hendaian. Horiek arriskutsuak dira hegazkinentzat, hori da arrisku handiena, beste batzuk ere egon arren.

Halako batean beharko dugu erabaki erreserba horiek atxikitzen ditugun, eta orduan Hondarribiko aireportua gaizki izango da; ala hegazti-erreserbak bertan behera geratu behar diren, baina hori egitea ere... kontuan izan behar da, gainera, Natura 2000 Sarea babesgunean gaudela.

Nolakoa da erlazioa Txingudiko Partzuergoaren barnean?

Lehen, hiru udalak ados ginen -Irun, Hondarribia eta Hendaia- pista hori ez luzatzeko. Orain gauza bat aldatu da, Irun orain ados da. Hiruren artean bilkura bat egingo dugu gai horretaz mintzatzeko, bakoitzak bere jarrera azaltzeko.

Domaia izango litzateke Partzuergo hori hondatzea, nik ez dut hori nahi, gauza onak egiten direlako haren bidez, baina behar dugu mintzatu bakoitzaren jarrera argitzeko eta jakiteko diferentzia hori nola eraman.

Noiz egingo duzue bilkura?

Heldu den hilean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, Eneko Goiak, alarma sortzen ari zinela esan zuenean tentsio momentuak izan ziren.

Partzuergoa Eurohiriaren barnean da. Bilkura bat izan zen, eta nik han erran nuen ez nintzela ados aireportua luzatzeko proiektuarekin, eta nahi nuela mintzatu. Erran zidaten ez zegoela eguneko aztergaietan, eta utzi egin genuen. Baina behar da bilkura bat egin horren gainean lehenbailehen.

Iparraldeko partetik badugu bilkura bat Baionan CABABekin eta hasiko gara horretaz mintzatzen, hor ere gauzak behar dira argitu.

Eurohiriaren proiektu horretan sartzen bagara lan gehiago egiteko, jakin behar dugu ere zertarako den. Momentua pixka bat bortitza da, baina behar dugu argitu hori dena.

Hendaiako Herriko Etxeak bezala, joan den astean Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoak ere mozio bat sinatu du Abiadura Handiko Trenaren kontra.

Ez dira gauzak sobera sinpleki aurkeztu behar, ez gara AHT trenbidearen kontra; gure kezka da Baionatik mugarako tartea nola egingo duen. Guk ez dugu nahi trenbide berri bat egitea.

Gure ustez, aski da dugunarekin. Merkantzien garraioa dela-eta, galdegiten duguna da behar dela aztertu, ez dutela zertan denek hemendik pasatu. Galdegiten dugu Europak beha dezala Pirinioen erditik tunel bidez pasatzea Madrilgo eta Valentziako merkantziak, Zaragozatik. Kataluniatik inguru horretakoak, eta hemendik pasatzea Portugal eta Estatu espainoleko iparraldeari dagokiona, egun diren trenbideetatik.

Gauzak gaizki joanez gero, bortxatzen baldin badute hemen trenbide berri bat egitea, beharko da lur azpitik egin, bestela ez dakit nola jalgiko garen. Badugu bidea, autobidea, gasbidea eta goi-tentsioko kableak... ez dira denak lur honetatik pasatu behar, hor ere banatu egin behar da, hori da gure jarrera.

Joan den astean Herri Elkargoak Tours eta Bordele arteko trenbidearen Finantziaziorako Intentzio Protokoloa sinatu zuen ?

Bai, hori sinatu dugu ez garelako AHT trenbidearen kontra. Bestela zer egiten ahal da gehiago? Jendea joan-etorrian baitabil, eta hori ikusita bitartekoak jarri behar ditugu. Hori argi egon dadin erran dugu prest garela pagatzeko Tours eta Bordele arteko tartea, eta gero seguruenik galde egingo dute pagatzea Bordeletik eta Akize artekoa, baina gero Akizetik mugara Europak pagatzen du.

Protokolo hori sinatu arren, Herri Elkargoak baldintza batzuk ezarri zituen. Diru ezarketa gero Estatuaren esku gelditzea eta Baiona eta Hendaia arteko AHT trenbide berri hori ez egitea.

Ez gara horretaz sobera mintzatu, intentzio protokoloa da. Egia da zenbait gauza eman ditugula baina baldintza batzuekin eta horiek ez badira betetzen ez dugu segitzeko asmorik.

Herri Elkargoak ere eskatu du egungo trenbideen benetako erabileraren datuak zehaztuko dituen azterlan independentea. Uztailean aurkeztekoa zen, baina ez zen prest.

Lehendabizi iragan hilabetean behar zuen bukatua, berandu dabiltza eta agorrila bukaeran itzuliko dute. Hitza emana da. Jasotakoan horri buruz mintzatuko gara, gero zer egingo dugun erabakitzeko.

aht

«Ez gara AHTren kontra. Gure kezka da Baionatik mugarako tartea nola egingo duen. Ez dugu nahi trenbide berri bat egitea»

«Gaztetxearen aferan ez dut inoren alde egin nahi»

Duela hilabete Hendaiako gazteek etxe bat okupatu zuten eta Gaztetxea sortu. Zein erlazio du Udalak beraiekin?

Niretzat gauza pribatua da, Herriko Etxeak ez du hor sartu behar, eta ez gara sartzen.

Geroztik ez zuten hitzordurik hartu, bakarrik aldi batez edo beste ikusi genuen elkar karrikan eta galdetzen zidaten gaztetxearen kontua zertan zen, eta nik erraten nien bazekitela ez ginela ados, eta beraz, nahi nuela horri buruz mintzatu.

Orain etxea okupatu dute, ilegala da, eta nik auzapez naizen aldetik ez dut hori babestuko. Herriko Etxera etorri dira eta bi aldiz harrera egin diet hemen. Bigarren aldian erran dugu uda pasatu ondoren egongo garela mintzatzeko, ikusteko ea gauzak mugitu diren alde batetik edo bestetik eta jakiteko zer egiten ahal den.

Geroztik ere eskatu dute hitzordua, segidan nahi zutela esanez eta nik ez dut arraposturik eman; egongo gara uda finitzean eta orduan ikusiko dugu gauzak zertan diren, eta ea zer egiten ahal den erabaki.

Okupatutako etxearen jabeekin ere egon al zara?

Harrera egin diet ere, batzuei egiten badiet, besteei ere egin behar diet. Nik erran diet nire jarrera zein den, ez dut sartu nahi, ez alde batetik ez bestetik.

Jabe horiek gatazka dute orain Udalarekin, okupatu eraikina handitu nahi dutelako eta zuek ez duzuelako nahi.

Galde egin zuten handitzeko, bederatzi bizitoki egiteko, baina gu ez gara ados. Auzo horretan denak etxe partikularrak dira eta nahi zuten handitu, etxe horrek badu itxura polita, eta ezetz erran dugu. Jabeek epaitegietan emana dute handitzearen afera, lehenean galdu dutenez helegitea aurkeztu dute epaitegi administratiboan. I. E.

aireportua

«Akordioa bi estatuen artean egina da, Madril eta Parisen artean, guk ez dugu indarrik sobera, bakarrik gauzak salatzeko»

Eurohiria

«Eurohirian sartzekotan, jakin behar dugu zertarako. Unea bortitza da, baina behar dugu hori dena argitu»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo