GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hondarren artean

Konfesatoki batean sekula aitortuko ez dudana aitortuko dut txoko fedegabeko honetan. Kosta aldea gustukoa daukat, neurrian, mendi aldea gustukoa dudan bezala, uztarri bereko lekuak direlakoan. Jakina, neuk hartzen diot neurria nire gustuko neurriari, autodeterminazio ariketa batean. Baina ez naiz kostaren aldeko apologista, ez horixe, are gutxiago hondartzen aldekoa. Ez naiz kosta ahala kosta udaldiko bero sapako egunetan kostara joan nahi, edo behar, duten kaletarren artekoa. Horrela da, zer egingo dut, bada! Sekula ez dut ulertu, udako ikastaroetan saiatu arren, udaran hondartzarantz abiatzeko, hara ailegatzeko eta bertan hainbat ordutan kiskaltzeko seta edo tema antzeko hori. Are gehiago, askotan pentsatu izan dut gauza bat edo bestea dela kausa, ama birjinari promesean utzitako zorra kitatzeko asmoz egiten dela hondartzarako bide akitu hori, batez ere autoz egiten dena. Ez, ez dut hondartza gustukoa, baina ez hondar-hareagatik, ez horixe, hondarren gainean egun horietan zehar izaten den giroagatik baino. Eta pentsatzen hasita nago hondarraren tamainak jendearengan duen eraginaz. Izan ere, harea fineko hondartzak lepo egoten dira, hondartza-zaleak erruz edonon, bazter guztietan, kontuak atera erdialdean! batzuk han-hemengo potxingoetako bizidunen hondatzaile, beste batzuk pala eskuan hondeagailu batena egiten, krisi garaiotan ohikoak diren hareazko gaztelutan arituko balira bezala; bai, jendez mukuru, bainu-jantzia eranzteko ere lekurik gabe. Eta den-denek hareak berak eguzkitan egoteko duen berezko eskubidea zapaltzen, bai horixe, za-pal-tzen. Baina harea barik harri-koskorreko hondartza bada, apenas den jendea, biluzik egoteko arazorik ez, eta buelta ematean gorputz-adarrekin inguruko inor kolpatzeko beldurrik ere ez. Hemen ama bakoitzak bere umetxoari ematen dio titia, ez ezagun bati, umetxo izan edo ez, hareazko hondartzan gertatu legez. Hau diferentzia! aitortu behar dut. Ekologista batzuen esanetan, gure kosta gero eta egoera txarragoan dago; hala ere, baikorra izanda, bada zorioneko motiborik, piratak berriro agertzen hasi zaizkigu eta! Donostian hasita! Abordatzera! Ondo etorriak izan daitezela piratak!

Eta bitartean, hemendik kanpoko beste kosta batzuetan «kaiola operazioan» dihardute. Hau kolpea! ustezko txoriak alde egin omen eta egiazko monarka barruan geratu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo