Xiaolu Guoren «She, a Chinese» filmak lortu du Locarnoko Urrezko Lehoinabarra
Xiaolu Guo zuzendari txinatarrak lortu du Suitzako Locarno hirian izan den zinemaldiko sari nagusia, Ekialde eta Mendebaldearen arteko harremanez mintzo den «She, a chinese» filmarekin.
GARA | LOCARNO
Locarnoko zinemaldian Urrezko Lehoinabarra da sari nagusia (90.000 franko suitzar, 59.000 euro inguru), eta Xiaolu Guo zuzendariak lortu du aurten, 62. ediziokoa, Alemaniak, Britainia Handiak eta Estatu frantsesak ekoiztu «She, a chinese» pelikularekin.
Guoren lehenengo fikziozko film luzea da «She, a chinese», eta Huang Lu eta Wei Yi Bo antzezle nagusi dituela, Txinako herrixka batean, bere etorkizuna sortu eta erabaki nahian dabilen baserritar gazte baten bizitza kontatzen du.
Nobela idazle eta poeta ere baden zuzendariaren arabera, filmak «ahotsa eman nahi die txinatar belaunaldi gazteei», eta «mugak zein kultur identitateak zeharkatuko dituen» mezu bat zabaldu.
Epaimahaiaren sari berezia, berriz -zilarrezko domina antzeko bat-, «Buben. Baraban» film errusiarrak lortu du, askoren ustez aurtengo benetako irabazlea beharko lukeenak. Alexei Mizgirev zuzendariak gainera, Zuzendari Onenaren saria ere eskuratu zuen, eta bi sarien artean 60.000 franko suitzar edo 39.000 euro poltsikoratu.
Pelikula txinatarrak bezala, Mizgireven filmak ere emakume konplexu baten irudia ematen digu. Kasu honetan, helduaroko krisia jasaten ari den andre bat azaltzen zaigu, bere soldata osatzeko, lantoki duen liburutegiko liburuak ezkutuan saltzen dituena.
Nahiz eta aipatu bi pelikuletako antzezleek lan bikaina egin, Lotte Verbeek holandarrak erdietsi zuen emakumezko aktore onenaren Lehoinabarra, «Nothing Personal» filmean egindako lanagatik. Neska gazte eta gizon nagusi baten arteko maitasun istorioa kontatzen du pelikulak, eta Opera Prima Onenaren saria lortu zuen Urszula Antonia poloniarrak zuzendu du.
Gizonezko antzezlerik onenaren saria, berriz, Antonis Kafetzopoulos greziarrak irabazi du, Filippos Tsitosek zuzendu «Akadimia Platonos» filmean egin lanagatik. Filosofiaz mintzo da pelikula, albaniar etorkinek lan egiten duten Atenaseko estanko bat kokagune hartuta.
Film laburrei eskainitako Biharko Lehoinabarra sarietan, Paul Wright eskoziarraren «Believe» pelikula nabarmendu zuen epaimahaiak.
Momentuko Zinemagileak atalean berriz, Suedia eta Estatu Batuek ekoiztu duten «The Anchorage», C.W. Winter eta Adners Edströmen pelikula nagusitu zen.
Sariez gain
Locarnoko jaialdia, Frederic Maireren gidaritza artistikoarekin, Europako zinema independentearen hiriburu bihurtu da egunotan, eta beste urte batez etorkizuneko zinemagileen aldeko apustua egin du. Besteak beste, William Friedkin zuzendari estatubatuarra eta Toni Servillo italiar aktorea omendu ditu, baita Andrzej Wajda poloniar zinemagilea ere, Locarnora joaterik izan ez duen arren, osasun arazoak tarteko.
Lehiaketatik kanpo, baina ikus-entzuleen partetik sekulako arrakastarekin, Piazza Grandeko agertokian, eta plaza zabalean, 8.000 lagunentzako filmak eman dituzte pantaila erraldoian: «(500) Days of Summer» estatubatuarra edo Marc Rehca katalanaren «Petit Indi» tartean.