GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Floren Nazabalek estuasunik gabe irabazi zuen Donostiako saioa

GARA | GASTEIZ

Nazabalek etxeko lanak egin, eta ezustekorik gabe irabazi zuen Donostiako Trinitate plazan jokaturiko Urrezko Kopa. Etxarriarrak pronostikoak bete ditu, eta automatikoki lehiaketa bosgarren aldiz irabazi du. Bere atzetik Lopez Azpilikueta sailkatu zen enbor erdiko aldearekin. Lehia izugarria egon zen, bestalde, hirugarren eta laugarren postuetan. Azkenean Olasagasti, lauzpabost segundori esker, Azurmendiren aurretik geratu zen. Azken postua Txapartegirentzat izan zen.

II. Mailako Euskadiko txapelketari dagokionez, Aitzol Atutxa bizkaitarrak egin zuen denborarik onena Baliarrainen jokaturiko kanporaketan. Dimako gaztearekin batera Manuel Kañamares, Jon Rekondo, Fausto Mugertza, Joxemari Telletxea eta Joxe Ugarteburu sailkatu dira finalerako. Irabazlea lehendabiziko txandan aritu zen, eta hasieratik hasi zen besteekiko aldeak ateratzen. Azkenik, berak egindako 15.34ko denbora izan zen guztietan onena. Finala irailaren 6an jokatuko da Zestoan, 18:00etan.

Trontzan, berriz, Euskal Herriko Emakumeen txapelketako finala jokatu zen Etxalarren. Bertan irabazleak Lurdes Intxausti eta Josune Gorostidi izan ziren. Gizonezkoetan kanporaketa izan zen, eta hurrengo bikoteak sailkatu ziren finalerako: Esnaola anaiak, Jon Intxaurbe-Javi Olivares, Barberena anaiak, Mikel Bertiz-Xabier Urrutia, Igor Lasaga-Javier Galarregi, eta Oier Aizkorbe-Jose Luis Kano.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo