GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Mila esker Gartxot musikariari

Gaur -2009-07-21- gauza bitxi bat gertatu zait. Garai honetan, esaten denean ia-ia elkartasunik ez dagoela, norberak bere zilborrari baino ez diola begiratzen, eta gizarte hau gero eta berekoiagoa dela, Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta eta Curia kaleen artean ari nintzen paseatzen, arratsalde erdian. Halako batean, ezkerraldetik gizonezko bat hurbildu eta zera esan dit: «Itxoin pixka bat, gauza bat eman behar dizut-eta». «Baina, zer dela-eta?», nik. «Badakit euskal musika gustukoa duzula, eta har ezazu hau!». Eta bere disko bat eman dit. «Baina, nor zara zu?», galdetu diot harriturik. «Hortxe jartzen du», erantzun dit oinez aurrera zihoala, eta besterik gabe alde egin du, hau da, bere bideari jarraitu dio. Orduan ikusi dut bere izena, Gartxot, alegia, diskoaren azalean.

Argi dago gizarte honetan ezusteko atseginak ere gertatzen zaizkigula noizean behin. Hauxe izan da horietako bat. Oraindik ez dut aukerarik izan Gartxoten diskoa entzuteko. Ez dakit halaber, zein puntutaraino gustatuko zaidan ala ez, baina seguru dakidana da, entzuten dudan aldi bakoitzean gogoratuko dudala pasadizo polit eta gogoangarri hau. Ez dakit orobat, noiz topatuko dudan berriz Gartxot musikaria, edota inoiz ere topo eginen ote dudan berarekin berriro, horregatik, eta badaezpada ere, doazkiola lerro hauetatik nire eskerrik bihotzekoenak eta nire zorionik handienak. Ongi bizi, Gartxot, eta beti arte! Har ezazu nire besarkadarik beroena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo