GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Aste Nagusi alternatiboaren amaiera

Piratek, zezenketaren artean arituz, alkatea sastatu dute banderillekin

Algara eta parranda karriketatik zabaltzeko ez da diru eta kontsumoan oinarritzen den formularik behar, gogoa eta konpromisoa baizik. Piratek bere jaien agurrean ere eredu bilakatu eta umorea zabaldu zuten Donostian, umore elegantea gainera.

p013_f01_123x312.jpg

Oihana LLORENTE

Dotore eman zioten atzo amaiera Donostiako Piratek Aste Nagusi herrikoi eta parte-hartzaileena izan den edizio honi. Hamar eguneko jaien ostean, ez zen inor falta aurtengo Irrikitaldian. Bertan ziren Odon Elorza jaun txit gorena Albako Dukesari besotik helduta eta Vatikanotik etorritako aita santua bera ere hirian zen, bere apaiza koadrilarekin; jantzi distiratsua zeramaten toreatzaileek eta Mirakontxako tenislariek ere ez zuten kale egin. Herritar xeheak ere traje eta soineko lirainen eta dotoreenak jantzi, eta harribitxiz eta pamelaz apaindurik irten ziren kalera Donostiako udaletxetik eta Santa Maria elizara bitarteko metroak belle epoque erara zeharkatzeko.

“Papamobil”ak ireki zuen bidea, aita santuak herritarrak bedeinkatzen zituen bitartean. Era honetako pertsonaia batek eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak bete zituzten, trafikoko agente laranjak eta kalez jantzitako hamaika poliziekin, herritarren poltsa eta umeen kotxe susmagarriak arakatuz.

Euskal Herrian egonda, halako desfile batek protestak ekarri behar ditu halabeharrez, eta atzokoa ez zen salbuespena izan. Kartelak goratuz demokrazia galdegiten zuten herritarrak lehenbizi kolpatu egin zituzten segurtasun indarrek, ondoren bedeinkatu eta barkatu egin zituen Aita Santuak, eta azkenik iraindu, jendilajeak.

Elizara iritsita, Odon Elorzak bere kulpak ordaindu behar izan zituen jendaurrean, eta kulpa bakoitzeko banderilla bat jaso zuen bizkarrean. Aurten hiru izan dira ordainarazi dizkioten kulpak: Illunbeko auziko ustelkeria; Donostiako zentroan metroa eta inguruan super portua eraikitzeko asmoa; eta bandera espainolaren ezarpena.

Bitartean himno espainola edota pasodoblea jo eta jo zebilen txarangak jarraitzaile sutsuak topatu zituen.

Albako dukesa orgasmora iritsi zen, azken pisuko bizilagunek, balkoira irten, eta bandera gorri eta horia eskegi zutenean,  eta Osborneko zezena zuen abanikoari esker etorri zen bere onera. Elorzak argi azaldu zituen bere koloreak: «Ikurrina, fly, fly. Española bai, bai, bai» oihukatuz.

Metroaren beharra defendatu  eta Intxaurrondo, Altza eta Loiola periferia direla sostengatu ostean, idei paregabea izan zuen Albako dukesak: langileak lur azpira lanera bidalita, Donostian “Fraggle Rock” telesaila praktikan jartzea, hiriko azala aberatsentzat bakarrik uzteko.
Hiritar gehienek uste zutena konfirmatu zuen atzo Elorzak, aitortuz Heineken dela Donostiako jai batzordea.

Malkoak ateratzerainoko algarak eragin zituzten piratek, eta inguruan bildu zuten jende multzo izugarria horren testigu zen. Ikusleez gain, parte-hartzaileak ere handituz doaz Piraten eskaintza guztietan eta atzokoa ez zen salbuespena izan.

Tradizioak dioen bezala amaitu zen Piraten Aste Nagusia: Realeko himnoa abestuz. Batzuk emozionatu eta besteak nazkatu arte entzunarazia izan den 100. urtemugarako abestia kantatzeri ekin zioten, baina jendearen erreflexuari esker, asmoa bertan behera utzi, eta parrandarako bidea ireki zuten piratek. Merezitako parranda, hamar egunetan eta donostiarren gozamenerako Udalak kontrolpean ez dituen herri espazio libreak abordatzen eman dituzte-eta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo