GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Olatz Caminos, Edurne Sanchez del Arco, Joxean Agirre, Jon Etxeandia, Mitxel Sarasketa eta Zaloa Basabe

Ataramiñe: 09ko hitzordua

Agur bero bat espetxe ezberdinetan, erbestean, etxetik urrun zaudeten guztioi:

Azkenengo urte hauetan, Ataramiñeren ibilbidea hasi zenetik, euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa den hau kanpoan, urrun, eta barruan gaudenen arteko ezinbesteko hitzordu bilakatu da. Elkartasunez, berotasunez eta hitzez osaturiko zubi den honetan zuen ekarpenak liburu hau eraikitzen duten harriak dira, eta heldu da harri horiek biltzeko garaia, Ataramiñe'09n agertuko diren lanak biltzeko garaia, hain zuzen. Aurtengo deialdia inoiz baino beranduago egin badugu ere, espero dezagun zuen erantzuna urtero bezain zintzoa izatea. Gaur hasita eta irailaren bukaerara arte bidalitako idazki, pentsamendu, oroimen edota irudiek lekua izango dute, neguarekin batera, esku artean izango dugun Ataramiñen.

Elkartasuna zigortzen denean, «zigortuen» hitzek haize fresko bezain askea ekartzen digutelakoan gaude eta, beraz, zaudeten bazterretatik eta ziegetatik bidalitako testuak amorruz, pozez, tristuraz edo indarrez josita jasotzeko irrikaz gaude. Zuen guztien eguneroko bizitzan zuekin egon ezin garenok zuek gertuago sentitu ahal izateko eta gure egunerokotasunean ondoan sentitzeko.

Zuen testigantzak gure historiaren lekukoak dira, ezabaezinak... horregatik ere, inork ezaba ez ditzan, idatzi eta irakurri egin behar dira.

Ez egin kale aurtengo hitzorduari! Ataramiñe'09n elkar ikusiko dugu!

Animatu eta Ataramiñe, animatu eta Ataramihiñe.

Besarkada bero bana guztiontzat,

Maite zaituztegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo