Irati Mogollon | Lezo
Unibertsitate baten epitafioa
XXI. mendeko unibertsitatea nauzue, 1991tik hona jaso izan ditudan hamaika akusazio eta ahulezia ikusita (atzeratua nagoela, gehiegi irakasten dudala, ikasleak aspertzen ditudala...) eta kanpoko presioa jasan ezinik, honako hau zin egiten dut:
1. Jakintzarekin trafikatuko dudala, ezer gutxirako balio duten gradu garestiak eta eliteak soilik ordain ditzakeen masterrak eskainiz.
2. Existentzialismoaren gogoeta «antzuek» (autoerrealizazio prozesuek) duten esparrua produktibitatearen izenean bortxatuko dudala.
3. Etorkizunerako proiekzio itsuak baztertuko ditudala. Garai helenistikoetatik jasotako jakintza gizarte progresistaren izenean erreko dut, historia eta iraganak ez duelako lekurik, oraina eta geroa besterik ez daude eta.
4. Ez naizela herritik sortua izango eta ezta herriarentzat ere.
5. Merkatuari begiratuko diodala, honek jakintza anorexiko bat suposatu behar badu ere, (murritza, desitxuratua, kamutsa...).
6. Ez diedala pertsonei erreparatuko, hauek suposa dezaketen kapital sozialari baizik.
7. Ikaslea ikasketa zentroan dagoen subjektu bihurtuko dudala, enpresa multinazionalen besarkada paternalista bezain interesatuen artean bilduko dudala (bidean itotzen bada ere).
Orain unibertsitate aurrerakoia banaiz, sabela ireki eta erraiak atera beharko dizkidate, barne hustu, eraikin hutsa bihurtzen naizen arte. Kapitalaren izenean prostituituko naute, etorkizuneko langileen industria bihurtu. Ikaslea esplotatuko duen kontzentrazio esparru izango naiz, proletalgoaren seme-alaben baztertzailea.
Kafkaren «Metamorfosia» gogora.