GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Adierazpen askatasun eza salatu du Barañaingo herri mugimenduak

p018_f01.jpg

GARA

Barañaingo herri mugimenduak, atzo emandako prentsaurrekoan, adierazpen askatasun eza salatu zuen. Herriko gaztetxeak huste mehatxupean jarraitzen du bien bitartean.

«Garbiketa ideologikotzat» jo dute Poliziaren eta Udalaren jokabidea. Herriko hainbat txokotan Gaztetxearen alde dauden bizilagunen argazkiak jartzea eragotzi dute, jarritako tokietatik behin eta berriz kenduz. Bizilagunak panel mugikorren bitartez ere saiatu ziren ondoren, baina alferrik. Garbiketa zerbitzuko langileek, Udaltzaingoaren ondotik, paretetan jarritako argazkiak kentzen jarraitu dute.

Alde horretatik, herritarren hitzetan, «gaztetxearen aldeko ahotsak badirela ezabatu nahi dute».

«Itun zibikoaren izenean»

«Asmatutako jaungoiko berriaren izenean burutzen dituzte oldarraldi horiek; horren izena, Itun Zibikoa», horrela azaldu dute herriko gazteek Udalaren jarrera, duela gutxi plazan haurrentzako jolasak antolatzea ezinezkoa dela esatera heldu dena, ordena publikoa apurtzen duela argudiatuta. Gainera, jainko horren elizak polizia indar ezberdinen etengabeko presentzia eta Udalaren garbiketa zerbitzua direla salatu dute.

Alabaina, herriko gazteek, ez dute etsitzeko asmorik eta, beren esanetan, antolatzeko eta erabakitzeko duten gogoak jarrera eta metodo horien aurrean «inmune» egiten ditu. BGAk ez du bertan behera utziko «gaztetxea ez da oporretan ixten» lelopean aurkeztu zuten egitaraua. Orain arte egin duten moduan, ostegunero zinema emanaldia, ostiralero kontzertuak, eta gainerako egunetan bestelako ekintzak egingo dituzte. Atzo, esaterako, apostasiaren inguruko bideo emanaldia eta Indiaren inguruko argazki proiekzioa izan zituzten besteren artean.

Finean, «herria kolorerik gabeko eraikinez beteriko lur zati mugigaitz uniforme soinugabea» bihur ez dadin eta gaztetxeak bizirik jarrai dezan dihardute lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo