GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

A gripeari aurre eginda, hurrengoaren zain

Ohiko gripeak ia milioi bat euskal herritar kutsatuko dituela iragarriko balute, beharbada kopuru handia irudituko litzaieke gehienei, baina ez larregi kezkatzeko moduko kontua, nonbait. Kopuru bera A gripeaz kutsatuko dela jakiteak, ordea, kezka handiagoa eragingo bide du; izan ere, ezezaguna denak beldurtzeko gaitasun handiagoa du. OMEk egindako kalkuluen arabera, pandemia bukatu artean munduan kutsatuko diren herritarren ehunekoa Euskal Herriko biztanleriara eramanda ateratzen da hasieran aipatutako kopuru hori. Hala ere, badirudi gaixotasunaren larritasunari dagokionez, ez dela ohiko gripearena baino handiagoa; areago, hartuko duten askok ez dute harekiko desberdintasunik nabarituko.

A gripeak eragin handiak izan ditu jada, jende askoren osasunean ez ezik, hainbat herrialderen ekonomian, hala nola Argentinan eta Mexikon. Baita farmazia-industrian ere, negozio ikaragarria egingo baitu txertoak salduta, munduko gobernu guztiak bezero dituela. Eta erabakiak zuhurtziak eta arrazionaltasunak barik beldurrak eraginda hartzea onuragarria ez bada ere, are okerragoa da interes pribatu handiek eraginda hartzea.

Pandemiari aurre egitea administrazioen ardura da, jakina, informazioa zabaldu eta behar diren neurri guztiak hartuz. Hala ere, ardura horrek ez luke unean unekoa soilik izan behar. Pandemien zain, birusen mutazioen zain geratu ordez, elikadura ohitura osasungarriagoak sustatu beharko lituzkete, besteak beste. Birusei aurre egiten zaie, baina beste batzuk agertuko dira, eta zientzialariak gero eta prestatuago badaude ere, birus horiek ere halaxe agertuko dira. Gauza jakina da ekosistemak hondatzeak zerikusi zuzena duela hainbat mikroorganismo hedatzearekin; hala ere, arazoaren funtsezko kausa jakina bada ere, unean uneko soluzioak bilatzen dira, interes aitorrezin baina ezagunek soluzio arrazional eta errotikoak bilatu eta abian jartzea galarazten baitute. Soluzio horiek negozio pribatu erraldoiak galaraziko lituzkete, ordea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo