GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Morlansen hildakoak gogoan izan dituzte aurten ere Donostian eta Urbinan

Hemezortzi urte joan dira Donostiako Morlans auzoan ETAko hiru kide tiroka hil zituztenetik, eta azken urteotan haien omenezko ekitaldien aurka egin duten arren, aurtengoan ere ez da eguna oharkabean pasa. Donostian zein Urbinan ekitaldi xumeak egin dituzte.

p017_f02.jpg

GARA

Atzoko eguna bezala, abuztuaren 18a zen, igandea. Donostiako Morlans auzoko Tolaretxe etxea inguratu zuen Guardia Zibilak. Barruan hiru etakide zeuden -Iñaki Ormaetxea urbinarra, Patxi Itziar debarra eta Jokin Leunda beasaindarra- eta hirurak hil zituzten, tiroka, guardia zibilek.

1991. urtean gertatu zen hori. Hemezortzi urte joan dira geroztik, eta urtero izan dituzte gogoan gertaerak, batez ere Donostian eta Urbinan. Gauza jakina da azken urteotan hori egin ahal izateko aurrean Ertzaintza izan dutela parte hartzaileek -iazkoan, esate baterako, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak Morlans-eko ekitaldia debekatu egin zuen espresuki-. Baina aurten ere gogoan izan dituzte ETAko hiru kideak bai Donostian, bai eta Urbinan ere.

Bietan ekitaldi xumeak egin dituzte, GARAri adierazi diotenez. Morlansekoan, tiroketa izan zen toki berean bildu ziren dozenaka lagun eta Ormaetxea, Leunda eta Itziarren aldeko hitzak izan zituzten. Gaur egungo egoerari ere gainbegiratua eman zioten: «Oraingoa eta ordukoaren arteko antzekotasunak aipatu dira», jakinarazi dute.

Beste gauza batzuen artean, joan den astean Donostiako Aste Nagusian gertatu diren herri mobilizazioen aurkako Ertzaintzaren oldarraldiak salatu zituzten. Baina honako mezu hau ere helarazi zuten Morlans-en bildutako abertzaleek: «Debekuak debeku ezin izan dute herriaren hitza eta sentimendua isilarazi ezta egun bakarrez ere, eta ekitaldia horren adibide argia da».

Urbina ere 1991eko hilketak salatzeko hitzordua izan da urtero-urtero, eta atzo ere hala izan zen. Ormaetxearen seni- deak eta lagunak -tartean bere ama, Blanca Antepara, zegoelarik- Albertia mendira igo ziren eta bertan egin zieten omena Guardia Zibilak erail zituen hiru euskal herritarrei.

Lore sorta, ikurrina eta euskal preso politikoak Euskal Herriratzearen aldeko ikurra jarri zituzten mendian. Ekitaldi xumea eta hunkigarria izan zen, parte hartzaileek zehaztu zutenez, baina tristurari ihes egin nahi izan zioten, «haien alaitasuna gogoan dugulako eta gaur atzo bezala Euskal Herriaren alde bizitza eman duten gudari guztiak maite ditugulako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo