GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Paueko Auzitegiak Baionako mezkita eraikitzearen aldeko epaia eman du

Paueko Auzitegi Administratiboak Baionako Herriko Etxearen aldeko epaia eman du, Frantziako Paisaien Defentsarako Komiteak hirian eraikitzen ari den mezkitaren kontra jarritako salaketaren aurrean. Komiteak beste bi salaketa jarriko ditu estatu mailan eta Europan.

GARA

Baiona iparraldean eraikitze lanetan den mezkitaren kontrako salaketa jarri zuen Frantziako Paisaien Defentsarako Komiteak. Paueko Auzitegi Administratiboak joan den ostiralean Herriko Etxearen alde egin zuen eta salaketa-egilea epaiketaren gastuak -mila euro- ordaintzera behartu zuen. Komiteak, hala ere, ez du bere borroka bertan behera utziko, Errepublikako prokuradorearen aurrean eta Estrasburgoko giza eskubideen epaitegian ere salaketak jarriko ditu.

Salaketa egin duen taldeko kideek tramite guztiak lehenbailehen egin nahi dituzte «mezkitaren eraikitze-lanak gehiegi aurreratu baino lehen». Komitea gehien kezkatzen duena minaretearen eraikuntza da, «paisaiak kutsatzen dituelako, eliza eta katedral dorreak soilik egon beharko liratekeen gune horretan». Bestalde, musulmanentzako otoitzerako deia egiteko balio duen dorretik egunero arabierazko predikuak entzutearen kezka ere azaldu zuten atzokoan taldekideek.

Izan ere, komitea osatzen duten kideak Front Nacional eskuin muturreko taldeko partaideak dira. Salaketa aurkeztean aitzakiatzat eraikuntza lana egiten ari ziren tokiko akats administratiboak baliatu bazituzten ere, ekintzaren zergatiak azaltzeko orduan adierazpen baztertzaile eta xenofoboak egin dituzte. «Botere gehiegikeria» egotzi zioten Baionako auzapezari, eta hori dela-eta, Euskal Kostaldeko Musulmanen elkarteari mezkita eraikitzeko emandako baimena kentzeko eskatu zuten auzitegi administratiboaren aurrean.

Herriko Etxeko Jean-Rene Etchegarayk adierazi zuenez, epaileak salaketaren atzean «benetako arrazoi judizialik ez» zegoela ondorioztatu du. Hala ere, Paisaien Defentsarako Batzordea epaiarekin pozik agertu da, eraikuntza baimenen kontra jotzeko bi hilabeteko tartea duelako eta epaiak ez duelako kontuan hartu baimena 2008ko apirilean emana izan zela.

Beste bi salaketa

Bi salaketa berri jarriko ditu batzordeak. Estatuaren baitan lehen auzialdiko epaitegiaren aurrean aurkeztu nahi dute sala- keta bat. Euskal Kostaldeko Musulmanen Elkartea eta Jean Grenet auzapeza salatuko dituzte «faltsukeria, erabilpen faltsua eta iruzurragatik».

Beste salaketa Europako erakundeen aurrean aurkeztuko dute, bertan Estatu frantsesaren kontra joko dute. Joan den ostiralean, abuztuaren 14an, Paueko Auzitegi Administratiboak erabakia emateko unea «bidezko auzibidea» ez zela izan salatuko dute Estrasburgoko giza eskubideen epaitegian.

gastuak ordaindu

Mezkita eraikitzeko baimenaren kontrako salaketa jarri zuen Frantziako Paisaien Defentsarako Komiteak epaiketaren gastuak ordaindu beharko ditu. Hala ere, beste bi salaketa jarriko dituzte, Europan bata eta Estatu frantsesean bestea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo