Superkoparen osteko biharamuna
Tromsoren aurka goranzko bidea berrestea da helburua
Presarik ez dagoela esan arren, fitxaketak egiteko aukera «zabalik» ikusten du Garcia Macua presidenteak.
Arnaitz GORRITI | BILBO
«Ez dago negar egiteko astirik», adierazi zuen Bartzelonaren aurkako partidaren ostean Andoni Iraolak. Superkopako porrotaren biharamuna laburra izan beharko da talde zuri-gorriarentzat, egutegiak ez baitio atzera begira egoteko denborarik ematen. Ostegun gauean, 22.00etatik aurrera, San Mamesen Tromso talde norvegiarraren aurka jokatuko den partida izango da orain bilbotarren xedea.
«Partida nahiko ona egin dugu. Okerren genbiltzanean gola lortu dugu eta, aldiz, Bartzelona deseroso zegoenean irabazi digute», onartu zuen Koikili Lertxundik. Bada, osteguneko neurketan igandean Bartzelonaren aurka erakutsitako goranzko bide hori berresteko abagunea izango dute Joaquin Caparrosen mutilek.
Begoñara bisita
Igandeko norgehiagokaren ostean, lehoiek ez zuten lan saiorik izan atzo. Gaur, 19.00etatik aurrera itzuliko dira lanera. Horren ordez, Begoñako basilikan urteroko meza eta lore eskaintza izan zuten Athleticeko bazkide zenduen omenez. Athleticeko gizonen eta emakumeen lehen taldeetako jokalariez gain, Fernando Garcia Macua buru zela, klubeko zuzendaritza batzordea izan zen bertan. Superkopari buruzko hausnarketa txiki batez gain, Athleticeko presidenteak fitxaketetarako atea «zabalik» utzi zuen, nahiz eta inor fitxatzeko presarik ez dutela aitortu.
«Merkatua ixteko bi aste falta dira oraindik. Egin beharrekoak denboraz eta ganoraz egin ditugula uste dut. Printzipioz, dagoeneko ez gara inoren atzetik joango, baina aste bitan zernahi gerta liteke».
UEFA Europa Leagueko kanporaketari buruz, berriz, «klubarentzat, zaleentzat... partida oso garrantzitsua da, Europako ateak zabalduko lizkigukeelako aurrera eginez gero», iritzi zion. «Eguneroko hitzorduez haratago doaz Tromsoren aurkako hurrengo bi neurketak».
Young Boysen eta Bartzelonaren aurkako neurketak jokatu ditu Athleticek. Alabaina, bietan galtzaile atera da talde bizkaitarra. Ostegunean, hamarretatik aurrera, izango du etxean irabazteko abagune berria.
Entrenamendu saioaren ordez, urteroko meza izan zuen atzo talde zuri-gorriak Begoñako basilikan. Bertan, lore eskaintza egin zuten aurten hildako bazkideen oroimenez. Jokalariak eta zuzendaritza batzordea izan ziren Begoñan.