GARA > Idatzia > > Kultura

Aldaketak Bilboko Euskalduna Jauregiko antzerki emanaldietan

Luis Merlo aktorea nekeak eragindako estresak jota dago. Horixe izan da Bilboko Aste Nagusirako «Arte» ikuskizunaren lehenengo funtzioak bertan behera uztearen arrazoia. Ordainetan, Euskalduna Jauregiak «El enfermo imaginario» obraren emanaldiak luzatu ditu.

GARA | BILBO

Donostiako funtzioekin gertatu bezala, Bilboko Euskalduna Jauregian aurreikusita zeuden «Arte» antzezlanaren lehenengo egunetako emanaldiak bertan behera gelditu dira Luis Merlo aktorearen osasun egoera dela eta. Gauzak horrela, hilaren 20, 21, 22 eta 23an ez da Yasmina Rezaren obraren emankizunik egingo. Aktoreak hilaren 25ean jasoko du medikuaren agiri berria eta orduan jakingo da 25etik 30era programatuta dauden funtzioak egingo diren ala ez. Merlok bost urte zeramatzan telebistako eta antzerkiko lanak uztartzen eta «gehiegizko lan zama horrek» eragin dio estresa antza, bere anaia Pedro Larrañagak joan den astean adierazi zuenez.

Sarreren salmentan sekulako arrakasta izaten ari den «El enfermo imaginario» antzezlanaren emanaldiak luzatzea erabaki du ordainetan Euskalduna Jauregiak. Molierek idatzitako eta Quique San Francisco protagonista duen lan honek bihar arte egon behar zuen Bilbon eta igandera arte geldituko da. Ondorioz, «Arte» ikusteko sarrerak erosita zituztenek bi aukera izango dituzte: batetik, txarteldegian itzultzea, eta, bestetik, «El enfermo imaginario» ikustera joatea. Bigarren aukera honetarako ez da aurretik bertaratu beharrik izango, ikuskizunak areto berean egingo baitira.

Gainerakoak, aurrera

Aipatutakoez gain, beste bi antzezlan programatu ditu Euskalduna Jauregiak Aste Nagusi honetarako. Gaurtik irailaren 6ra arte, «umorez eta lizunkeriaz beteriko esperientzia eszeniko harrigarria» eskainiko du «Mi primera vez» lanak. Gabriel Olivaresek zuzenduta, Javier Martin, Miren Ibarguren, Bart Santana, Mar Abascal, Natalia Moreno eta Inma Cuevas aktoreek «internautek egindako ekarpen pertsonalen bidez osatutako lehenengo antzezlana» taularatuko dute. Antolatzaileek aurreiritziak etxean utzita bertaratzeko deia egin dute.

Bestalde, bihartik aurrera, Maribel Verdu eta Aitana Sanchez Gijon ere Bilbon izango dira «Un Dios Salvaje» obrarekin. Tamzin Townsend («El método Grönholm», «Gorda» edo «Seis clases de baile en seis semanas») zuzenduko ditu «giza harremanen konplexutasunari buruzko mezu sakona» helarazten duen Yasmina Rezaren («Arte») obra honetan. Pere Poncek eta Antonio Molerok osatuko dute antzezleen zerrenda.

Antzerkia kalera ere aterako da gaur, Bilboko Aste Nagusia «animatzeko» asmoz. Egunotan Arriaga antzokian dauden «Mamma mia!» musikaleko aktoreek momentu onenen aukeraketa bat eskainiko dute Arriaga plazan. Emanaldi «irekia eta doakoa» izango da eta arratsaldeko bost eta erdietan hasiko da. Musikala irailaren 6ra bitarte egongo da Bizkaiko hiriburuan.

BERTAN BEHERA

«Arte» antzezlanaren funtzio erdiak gelditu dira bertan behera, oraingoz. Sarrera dutenek itzuli egin dezakete edo, bestela, Quique San Francisco protagonista duen «El enfermo imaginario» ikusi.

BESTE HIRU AUKERA

Irailaren 6ra bitarte beste hiru ikuskizun izango dira Bilbon: Euskalduna Jauregian, «Mi primera vez» eta «Un Dios Salvaje»; Arriaga antzokian, «Mamma mia!» musikala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo