GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Luis Bilbao Larrondo Historialaria

Bilboko bankuak barre-algaraka

Banku jabeek eta enpresaburuek oraingoz, trantsizioari esker, ez dituzte garai hartan egindako zuzengabekeriak ordaindu behar izan

Azken hogeita hamar urteotan frankismoaren jaraunspen edo herentziari buruz asko eta asko aritu badira ere, egun haren eragina jasotzen dihardugu eta, dirudienez, aldaketa nabarmenik ez dugu izan. Hala ere, historialariei esker jakin badakigu hondamendi ikaragarria jasotzearen errudun nagusiak bankuak izan direla eta batik bat Bilboko bankuak, hain zuzen ere.

Gogora dezagun Bilboko eta Bizkaiko bankuaren (egun BBVA) jabeek, frankistak izateaz gain, 1936. urtean estatu-kolpean parte hartu zutela. Ondoren etorri zena ez baitzen guda izan, demokraziaren aurkako estatu-kolpea baizik. Aspaldiko kontua da: Armada, Eliza eta enpresaburuak onura ekonomikoak eta ideologikoak lortzeko demokraziaz baliatzen ziren, eta hauteskundeen bidez lortzen ez zituztenean, orduan estatu-kolpera jotzen zuten -duela gutxi Hondurasen gertatu den moduan-. Horrexegatik, Euskal Herrian gure etorkizuna erabakitzeko kontsulta egingo bagenu, ziur asko estatu-kolpea jasango genuke. Azken batean, egungo Estatu espainola funtsean «errepublika bananeroa» baino ez da.

Hainbat historialariren iritziz, 1939. urtetik aurrera, borroka amaitu zenez gero, ordura arte baino jende gehiago hil zen. Horrelakoa da jende horren egiazko izaera, mendekari odoltsuak dira. Horretaz gain, halaber, demokraten aurka zenbait eraso ere antolatu zituzten: kartzelatu, ondasunak lapurtu, atzerriratu, euskal kultura suntsitzen ahalegintzea... Bestalde, diktadura hasi zenetik, banku-jabe eta enpresaburu horiek Bilboko Udala (Bilboko Udal Aurrezki Kutxa), Bizkaiko Diputazioa (Bizkaiko Aurrezki Kutxa) eta Bilbo Handia korporazioa (bere menpean 19 udaletako hirigintza zeukaten) bereganatzea lortu zuten, besteak beste. Beraz, bankariek botere politikoak eta ekonomikoak bat egitea lortu zuten. Diktadura diktaduraren barruan sortzea erdietsi zutela esan dezakegu. Babestuak, nola ez ba, bere komunikabideen bidez: «El Correo Español-El Pueblo Vasco», «Diario Vasco», «Informaciones»...

Garai hartako astakerien ondorioak jasan behar izan ditugu gaur arte. Adibidez, langileen osasuna ez zitzaien axola, soilik etekinak. Gure guraso eta aiton-amonek hainbat gaixotasun eta sarritan heriotza baino ez zuten lortu beren lantegietan. Orobat, hirigintza eta etxebizitzan milaka milioi ordaindu behar izan ditugu ondoren haien bidegabeko jokabidea konpontzeko. Bestalde, urtean zehar hipoteken eta korrituen bidez gero eta onura handiagoak lortu dituzte euskaldunen sukarrari eta odolari esker. Azken batean, lukurariak baino ez dira.

Gaur egungo krisiari dagokionez, horren errudun nagusiak banku-jabeak direla jakin arren, eraikuntzan egin duten espekulazioaren ondorioz, orain banku-jabeei zorrak kitatzeko Estatuak milaka miloi euro ordaindu behar dizkie, estatu-ekonomiak porrot egin ez dezan. Ez bururik ez hankarik ez duen neurria.

Bien bitartean, banku-jabeek eta enpresaburuek beren onurak lortzen eta ezkutatzen dituzte paradisu fiskaletan. Harritu egingo ginateke zenbat diren eta euskal ogasunari, hots, Euskal Herriari, zenbat diru lapurtzen dioten jakingo bagenu.

Oraingoz, trantsizioari esker, ez dituzte garai hartan egindako zuzengabekeriak ordaindu behar izan, baina bada garaia behingoz epaitu eta zigortzeko, gizarteak berak jakin dezan nortzuk diren film honetako pertsonaia maltzurrak behintzat. Gainera, horrela, oraindik itxi ez diren zauriak itxiko genituzke, behin betiko. Azken finean, euskaldun gehienok banku jabe-enpresaburu horien biktimak izateari erantzun bidezkoa emango baikenioke.

Oraingo garaiei dagokienez, ez duzue sumatzen banku jabeak oraindik ere barre egiten digutela? Nire irudipena izango da, irudimen handiko pertsona naiz-eta. Batek daki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo