GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Cabanillaseko entzierroa legala zela esan dute mutiko bat zendu ostean

Bularraldean jasotako kolpe gogor baten ondorioz, hilik suertatu zen atzo Cabanillas herriko adin txikiko bat goizeko entzierroan. Legez 16 urtetik gorakoek parte har dezakete horrelako ikuskizunetan, eta nafar gazteak beteak zituen. Gertatutakoaren ondotik, herriko alkate Ana Maria Rodriguezek adierazi zuenez, «ez zen arau-hausterik izan, guztia legeak agintzen duen eran antolatu zen». Horrela, Euskal Herrian zezenketetan hildako bigarrena da honakoa.

p014_f0149243.jpg

GARA

Adin txikiko bat hil zen atzo goizean Cabanillasen (Nafarroa) jaietako entzierroan kolpe gogor bat jaso ondoren. Ohitura duten gisan, jaiak izanik, goizeko bederatzietan entzierroa egin zuten herriko kaleetan.

Atzokoan ordea, festarako aitzakia izaten den ekitaldia tragedia bihurtu zen Cabanillasen, A.M.A. 16 urteko gaztearen heriotzaren ondoren. Dagoeneko ibilbidea egina zutenean, soilik bigantxak geratzen ziren plazan. Horiek abeltegietara sartzeko, ordea, berriro idi bat askatu zuten.

Orduan, gazteak, bigantxengandik ihesi zebilela, ezustean animaliarekin aurrez aurre topo egin eta bularraldean kolpe gogorra jaso zuen. Gaztea harrapatua izan ondoren zutik jarri eta hesira hurbildu zen arren, zerraldo erori zen lurrera. Bertan zeuden erizainek artatu zuten lehenbizi. Jarraian, Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman zuten, eta bertan suspertzeko saiakerak egin bazizkioten ere, handik gutxira zendu zen. Cabanillaseko alkateak adierazi zuenez, bestalde, «herriko peña bateko kide zen gaztea eta entzierroen zale amorratua zen».

Gertatutakoaren ondotik, herriko alkate Ana Maria Rodriguezek (PSN) adierazi zuenez «ez zen inolako segurtasun akatsik izan entzierroan». Haren ustez «hainbat ezaugarrik bat egin zuen, baina guztia arauen arabera prestatuta zegoen: bertan ziren zezenketetako zuzendaria, anbulantzia eta mediku taldea».

Herriko Udalak jaietako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki zuen berehala. Hala, gaur eguerdira arteko dolua deitu zuen atzo. Adin txikikoaren hiletaren ondoren, jai egitarauarekin jarraituko dutela argitu zuen Rodriguezek.

«Arauak betetzen zituen»

Halako ekitaldietan adin txikikoen parte-hartzearen gaineko eztabaida piztu da berriro atzokoaren ondoren. Hala ere, Cabanillaseko Udalak argitu zuenez, zezenketen ikuskizuna gauzatzeko Nafarroako Gobernuko Barne Saileko baimena zuten, legez jasotzen diren arauak betetzeko baldintzapean. Juan Ramon Rabade sailburuak aditzera eman zuenez, «ikuskizunak egiteko baimena zuten Cabanillasen, eta jaiak normaltasun osoz ari ziren ospatzen».

Nafarroan 16 urtez azpikoek debekatua dute gisa honetako ekitaldietan parte hartzea. Rabadek berretsi zuenez, «zezen ikuskizunei buruzko arautegiko 91. artikuluan jasotzen denez, 16 urtetik beherakoek ezin dute halakoetan parte hartu, eta hori jakinarazten zen ekitaldiaren baimenean».

Hala, 16 urte beteak zituenez, «lege hausterik ez dago», argitu zuen Rabadek. Bestalde, jazotakoari buruzko polizia atestatuaren zain daudela adierazi zuen. Bitartean, foru poliziak arduratuko dira gertatutakoa ikertzeaz.

legezkoA

Zezenketa ikuskizunen gaineko arautegiaren arabera, 16 urtetik beherakoek ez dute horrelakoetan parte hartzerik. Cabanillasen zendu zen adin txikikoak 16 urte beteak zituen.

Bi dira aurten Euskal Herrian entzierroetan hildakoak

Aurten gisa honetako ekitaldietan Euskal Herrian zendu den bigarrena da, atzo goizean Cabanillasen egin zen entzierroan zezen baten topekada jaso ondoren hilik suertatu zen adin txikiko gaztea. 2009ko lehenbiziko hildakoa sanferminetako entzierroetako batean izan zen Iruñean. Hain zuzen ere, uztailaren 10ean Daniel Jimeno Romero madrildar gaztea Iruñean hil zen entzierroan zezen batek adarkadaz larri zauritu ondoren. Sanferminetako laugarren entzierroan, Jandilla ganadutegiko «Capuchino» zezenak lepoan eman zion adarkada 27 urteko gazteari Telefonica parean zihoazela. Aurtengo entzierrorik arriskutsuenetakoa izan zen ordukoa eta zauritu ugari utzi zituen. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo