GARA > Idatzia > > Kultura

Itsasoko altxor ezkutuak, argazki erakusketetan emanak

Itsasoak eta hondartzek gure begirada erakartzen duten udaldian, gurean itsasoko altxor ezkutuei buruzko erakusketak bisitatzeko aukera ematen digute egunotan museoek.

p040_f01_250x132.jpg

Anartz BILBAO

Arabak, itsasorik ez duen arren, «Zetazeoak Euskal Herriko kostaldean» erakusketaren bidez freskatzen du uda. Ambar elkarteak (Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkartea) antolatutako erakusketak Bizkaiko golkoko urak betidanik zetazeoak behatzeko toki paregabea izan direla gogorarazi nahi du, panelen bitartez ugaztun urtarren ikuspegi orokorra emateaz gain. «Erakusketak zetazeoei buruzko azalpenak eskaintzen ditu, zer diren, nolakoak diren, dituzten arazoak... ikuspuntu orokor batetik», azaldu digu Enrique Franco Ambar elkarteko kideak. «Baita Euskal Herriko zetazeoen historia ere, balearen arrantzatik hasita».

Ambar elkartea 1996tik ari da zetazeoak ikertzen, eta aldian-aldian antzeko erakusketak antolatzen ditu. Egunotan, esaterako, Gasteizko erakusketaz gain, Busturiako Madariaga Dorrean, Bioaniztasunaren Zentruan, beste erakusketa bat dutela esan du Francok. Gainera, «irteerak egiten ditugu Bermeotik abiatuta, zetazeoak ikustatzera joateko» (interesa izanez gero, www.ambarcetaceos.com atarira jo).

Urteko sasoiaren arabera, kostaldetik hurbilago edo urrutiago ibiltzen dira zetazeoak. Neguan, esaterako, asko hurbiltzen dira eta betiko talaietatik «ikus daitezke izurde edo hogei metrotik gorako baleak», jarraitu du Francok, «Matxitxako, Ogoño, Lekeitioko Santa Katalina, Getaria edo Hondarribitik». Ambarreko lagunak, Bermeotik abiatuta «plataforma kontinentala bukatu eta mila metrotik gorako sakonera hasten den puntura joaten gara», oso toki egokia baita zetazeoak ikusteko. Matxitxako lurmuturretik iparraldera, «bostehun metrotik mila metrora jaisten den arroila dago eta», (Euskal Herritik plataforma kontinentala bukatzen den punturik hurbilena omen da). Beste batzuk, Getariatik abiatu eta Capbretoneko arroilara ere jotzen dute zetazeoak ikustera.

Planeta osoko itsasoetan ezagunak diren laurogeita sei zetazeo-espezietatik laurden bat baino gehiago gure uretan beha daiteke eta, gainera, 1986an Lehorreratze Sarea ezarri zen horretarako. Begiztapen Sarea, berriz, 2000. urtetik dago erabilgarri, eta hauei esker dagoeneko gure uretan hogeita lau espezie atzeman dira. Gure kostaldeak balio handiko ekosistema gordetzen du, eta zaindu ahal izateko bera ezagutzea beharrezkoa dela gogorarazi eta mito faltsu bat baztertu nahi du erakusketak, zetazeoak behatzeko itsaso tropikaletara joan edo National Geographic piztu behar izatearena.

Bestalde, ezaguna da Euskal Herriaren eta zetazeoen arteko lotura urrutitik datorrela, baleekin zerikusia duen jarduerak mendeetan gizartean eta ekonomian garrantzi handia izan zuen-eta, Bizkaiko golkoko uretan euskal balea desagertzea ekarri zuen arren. Alta, egun, hegaluzea kostaldera hurbiltzen denean orka multzo batzuek ere gure urak bisitatzen dituzte, maiatza eta urria bitartean, baita kaxaloteek ere, Capbretongo fosa handiaren gainean (euskal kostaldearen aurrean dagoen itsaspeko arroila handia, zetazeoak behatzeko gunerik onenetakoa bilakatua). Eta orkak zein kaxaloteak ez ezik, izurde, pilotu-izurde, hegaluze, zere, Cuvier bale, balea urdin, xibarta eta mazopak ere asko agertzen dira gure ur hotzetan.

Argazki ugari dira erakusketan, Bizkaiko golkoan ateratakoak denak ere. Panel eta argazkiez gain, «Cuvier balea baten burezurra ere ikusgai dago erakusketan, jendea harritzen duena», agertu digu Ambarreko kideak.

Itsaspeko argazkigintza

Bilboko Itsas Museoan, berriz, «Blues» izeneko argazki erakusketa dugu ikusgai, datorren azaroaren 1era arte. Erakusketak Carlos Villoch artistaren urpeko argazkiak agertzen ditu.

Hamabost urtez, Carlos Villoch bilbotar argazkilaria sei kontinenteetan barrena ibili da, bere kamerarekin ozeanoetako argiak eta bizidunak atzematen, Antartidatik hegoaldeko itsasoetaraino, eta Bilbora dakartza orain, argazki zoragarrietan izoztuta. «Erakusketak itsasoak hondoan duen edertasuna azaltzeaz gain, egun itsasoak bizi duen egoera kezkagarria ere azaleratu nahi du», kontatu digu argazkilariak, «berotze globalak, gehiegizko arrantzak edo lehergai bidez egindakoak» eraso gogorra egiten baitiote itsaso azpiari, eta Villochek bere argazkien bitartez hausnarketarako gogoa piztu nahi du ikusleengan.

Kantauri itsasoan hasi eta Antartidaraino, tropiko guztietan zehar ibili da Villoch ur azpian: Pazifikoan, Indiakoan... Eta tokirik ikusgarriena zein den galdetuta, «koralezko arrezifeak ikusteko, kolore bizikoak eta espezie ugarikoak, Indonesia aldea da tokirik zoragarriena», aitortu digu Villochek, «baina badira gauza politak toki guztietan». Antartidako «ur zurietako lehoinabar fokak ederrak dira», eta gure Kantauri itsasoak ere «gauza interesgarriak gordetzen ditu».

Argazkilariak dioenez, «gure itsasoak ere urpeko argazkilaritzarako aukera onak gordetzen dituen arren», sarri munduko zokorik urrunenetara jo behar izaten da argazki ederrak egitera. Itsaso tropikaletara, kasu, ur garbi eta epela baitute. Baina Kantauri itsasoa, Villochen esanetan, «itsaso indartsua da, izaera handikoa, eta duen plankton ugaritasuna dela-eta, hondoan gordetzen dituen altxorrak argazkietan azaleratzea erronka handia da».

Erakusketa hirurogeita hamar argazkiz osatuta dago, batzuk metro batetik gorako ak gainera. Eta horrez gain, «ur azpiko argazki kameren bilakaera agertzen duen erakusketa bat ere bada» (azken 50 urteetan landua). Villoch, lanbidez, eta orain hamabost urtetik hona, urpeko argazkilaria baita.

Haurtzarotik itsasoarekin maiteminduta, Carlos Villochek Ingalaterran zuen informatikari lana utzi eta Karibera jo zuen, urpekari irakasle lan egitera. 90eko hamarkada urpeko gida gisa lanean eman zuen eta argazkiak egin zituen Kaiman Uharteetako uretan, Australiako zein Papua Ginea Berriko hondo exotikoetan. Egun, argazki bilduma ederra osatu du eta urpeko argazkilaritza ikastaroak emateaz gain, bere erreportajeak sarri agertzen dira aldizkari ospetsuetan. Gainera, eta lehen aipatu dugun bezala, kezkatuta dabil gizona, itsas azpiko edertasunaz haratago joanda, «egunetik egunera munduko itsasoak gero eta suntsituago ikusita».

Eta Donostiako Aquariumen ere, ikusgai dira oraindik (datorren urteko urtarrilaren 25era bitarte) beste ikusmolde batez baina itsasoa presente duen «Kresala», Yosigo argazkilari gipuzkoarraren lanak agertzen dituen erakusketa.

«El cementerio marino» de Valéry, en ojos de bikondoa
El Aquarium de Donostia también muestra hasta el 30 de este  mes la exposición “El cementerio marino”, un homenaje a Paul Valéry realizado por el artista Alfredo Bikondoa. Un viaje creativo que Bikondoa lleva a cabo a través de la obra del mismo título del poeta francés, inspirándose en su obra y realizando su personal homenaje.
El multidisciplinar artista donostiarra recrea con esculturas, pinturas y fotografías, “El cementerio marino”, que  Valéry (1871-1945) escribió tras un largo silencio, de la misma manera en la que Bikondoa también estuvo alejado largos años del mundo del arte. La muestra está comisionada por María Molina.
Bikondoa da vía libre, en los surcos, las incisiones, las esquirlas, los contrastes cromáticos, los lodos marinos y los ecos metálicos que se generan en su ‘confrontación física’ con los materiales empleados en sus obras, a su expresión de las visiones surgidas de su lectura, atenta y apasionada, de ‘“El cementerio marino”, de Paul Valéry. A. B.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo