Miliband, egia esateagatik erasoa
David Milibandek, Britainia Handiko Atzerri ministroak, HegoAfrikako askapenaren bidean ANC eta SAPC alderdiek eta Umkhonto we Sizwe talde armatuek egindako ekarpena goretsi zuen iragan astean irratsaio batean. Irratsaioan hizpide zuten Joe Slovo hegoafrikar iraultzailearen bizitza, Miliband familiaren lagun eta beraientzat konpromisoaren eredu izan dena. Zentzu honetan, kazetarien galderei erantzuten, kasu batzuetan borroka armatua zilegizkoa eta eraginkorra izan daitekeela baieztatu zuen Milibandek. Eta, noski, horregatik gogor egin dute haren aurka zenbait komunikabidek eta politikarik. Ezin omen da «terrorismoa» justifikatu, inola ere ez.
Politikariei gezurra esateagatik eraso beharko liekete gainerako politikariek, komunikabideek eta, batez ere, herritarrek. Ez egia esateagatik. Gainera, politikariek jokabide hau hobetsi beharko lukete. Era honetan gaur egun klase politikoak duen sinesgarritasun eza gaindituko lukete. Alderdi Laboristari boza eman ziotenetatik gehienek bat egiten dute Milibanden hitzekin, Hegoafrikari dagokionez behintzat. Baina ez hori bakarrik. Kasu honetan, herritar horiek argi eta garbi, baita ozen ere, Irakeko eta Afganistango okupazioen aurka daudela erakutsi dute. Hor dago Milibanden benetako inkoherentzia, hori da berari aurpegiratu beharrekoa, eta ez aurkakoa.