GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Elkartasuna zigortu nahi den garaiotan, elkartasun ereduei begiratu behar zaie

Elkartasuna ez da hitz huts bat, jarrera bat baizik. Batzuetan lekukotasuna baino ez da izaten, baina beste batzuetan jarrera horrek galera handiak ekar ditzake, urrunera gabe giza eskubideen zaintzaile omen den Europa honetan bertan azken urteotan ikusten ari garen bezala. Izan ere, elkartasuna dena emateraino irits daiteke, bizia bera emateraino, alegia. Haraino iritsi zen Fernando Morroni uruguaiarra duela hamabost urte, euskaldunen asilo-eskubidea defendatzera kalera irten zenean. Elkartasuna boterearen etsai arriskutsua izanda, ohikoa baita hura kriminalizatu eta zigortzea: duela hamabost urte hamaika tiroz eta beste horrenbeste sastadaz zigortu zuten Fernando Morroniren eta Roberto Facalen gorputzetan. Morroniren ama, Norma, Euskal Herrian da egunotan, «gauza asko eskertu behar» omen zituen eta. Harritzekoa da baieztapen hori, baina elkartasunak ez du trukean ezer eskatzen. Iñaki Ormaetxea Guardia Zibilak Morlasen hil zuenaren amari bisitan joanda, minak batzen ditu bi emakumeok, baina harrotasunak batuta egoteko motiborik ere badute. Eta duintasun erakustaldi horren aurrean, begirune osoa ez ezik, esker ona ere agertu beharra dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo