Eneco Tour lasterketa
Sylvain Chavanel izan da azkarrena Rotterdamen
QuickStep taldeko txirrindulariak segundo bat atera die Tyler Farrar eta Tom Boonen esprinterrei lau kilometro eta erdiko aitzin etapa azkarrean.
GARA | ROTTERDAM
Sylvain Chavanel da Eneco Tour lasterketako aurreneko liderra. QuickStep taldeko txirrindulari frantsesak lau minutu eta 55 segundoko denbora ezarri zuen Rotterdam hiriko kaleetan jokatu zen lau kilometroko aitzin etapan. Tyler Farrar eta Tom Boonen esprinterrak segundo bakarrera gelditu ziren eta Bradley Wiggins britainiarrak, Tourreko ezuste handienak, laugarren amaitu zuen bi segundora.
Chavanel irteten aurrenekoetako bat izan zen eta helmugan ordu eta erdi egon behar izan zuen zain bere garaipena ospatu ahal izateko. «Aitzin etapa irabaztea zen nire helburuetako bat eta oso pozik nago lorpenarekin. Hala ere, oso estresatuta sentitu naiz horrenbeste denbora zain egon beharragatik», adierazi zuen irabazleak.
Aurreneko erlojupekoa irabazteko faborito asko bost minutuko muga gainditu ezinik ibili ziren eta, azkenean, sailkapenean atzera samar gelditu, nahiz eta denbora gutxi galdu. Andreas Kloden, Tony Martin edota Michael Rogers izan ziren horietako batzuk. Aipagarria, beste behin, Edvald Boasson norvegiar gazteak egindako lana, zortzigarren amaitu baitzuen bost segundora.
Euskaldunen artean onena Euskaltel taldeko Juan Jose Oroz nafarra izan zen, 45. postuan 14 segundora. Josu Agirre taldekideak 20 segundo galdu zituen.
Beste lasterketei dagokienez, Limousingo Tourrean aurreneko etapa Borut Bozic Vacansoleil taldeko esloveniarrak irabazi zuen. Vareseko Hiru Egunetan Mauro Santambrogio Lampre taldeko italiarra izan zen nagusi. Eta erlojuaren aurkako Asiako Txapelketan Alexandre Vinokourovek zigor osteko bigarren garaipena eskuratu zuen.