GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Auzolana: adinik ez duen bizilagunen «Matxinada» eta bizitzeko estilo bat

Bizitzeko estilo bat, ikasteko aukera bat, erantzukizunak nork bere gain hartzeko abagunea, salaketatik haratago doan bizilagunen «matxinada»... Hamaika esaldirekin azaldu daiteke auzolanaren filosofia, eta maiz gazteekin lotzen bada ere, adinik ez du.

p019_f01.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

Azken urteotan, leku publiko andana galdu du Gasteizko muinoak. Hala nola Santa Maria Katedrala Fundazioak hartutako plaza, Brullerias plazako bolatokia eta Etxauri parkea. Kaleak ere galzorian daude antza, izan ere, karrikan ekintzaren bat egin nahi izanez gero, diruzorroa ateratzeko premia ikusten baita. Alde Zaharrean sortutako mugimendu autogestionatua behar-beharrezkoa ikusten dute bizilagun askok auzoa berriro ere loratzen has dadin, gehienbat, alderdi sozialei dagokienez, bizilagunek hutsune handiak sumatzen dituzte-eta.

Rafael Ortiz de Zarate Gasteizko Alde Zaharreko 85 urteko bizilaguna da. Antonio Escalante eta Ane Zelaia, 47 eta 23 urtekoak hurrenez hurren, biak ere auzo berean bizi dira. Auzokideak izateaz gain, belaunaldi ezberdinetako hiru lagun hauek pentsamolde eta ezinegon bertsuan bat egiten dute: «Ardurak beti besteen gain uzten ohituta gaude eta horien gaineko erantzukizunak eskatzen»; hiru bizilagunen ustean, ordea, auzo oso bat era autogestionatuan antolatzeko garaia da.

Bizitzeko estilo bat da elkarlana Rafael, Antonio eta Anerentzat bezala jende ugarirentzat. Belaunaldi berri bakoitzak sortzen dituen harresiak ere eraisteko gauza den filosofia honek eguneroko bizitzan apurka-apurka garrantzi handiagoa izatea nahi dute. Antoniok, adibide gisa, honela dio: «Badaude edadetu pila bat etxetik ateratzerik ez dutenak edota erretiratuta egon arren, lantxoren bat egiteko prest daudenak. Gai izan beharko ginateke honi irtenbide bat emateko». Horretarako antolakuntza ezinbestekotzat jotzen dute hirurek.

«Pentsatzen dugunarekiko koherentzia mantentzea» da, Aneren ustez, lan egiteko dinamika honetan sartzera bultzatzen zaituena. Erantzukizunak besteen gain uzten ohituta gaude eta ahalmena izanda, kritika gutxiago egin eta gure partetik gehiago jarri beharko genukeela uste dute Alde Zaharreko bizilagunok. Gaztetxearen esperientzia oso lagungarria izan da auzolanaren kontzeptua zabaltzeko bidean. Etxe honetatik pasa den pertsona orok autogestioan eta eredu asanblearioan oinarrituta dagoen funtzionamendua bideragarria dela ikusi du. «Ondo funtzionatzen duela ikusita, ahalik eta esparru gehienetara zabaltzea da ideia», esan du Antoniok. «Prest dagoen jendea, gogoa eta ideia berriak» dira elkarlana bideragarria izan dadin oinarrizko baldintzak, Ane, Rafael eta Antonioren aburuz.

Aztarna arkeologikoak egongo ote ziren, Gasteizko Udalak orain hiru urte Gaztetxearen ondoan dagoen Etxauri parkea ixteari ekin zion. Hasiera batean, gehienez sei hilabeteren buruan irekiko zutela adierazi bazuten ere, urteetan ingurua letoizko harresi batek inguratuta egon da.

Auzoa loratu, auzolana tresna hartuz

Horrela, uztailaren 3an eta auzoko jaiak zirela aprobetxatuz, hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki zuten Gasteizko Alde Zaharreko 25 bat bizilagunek, gurekin mintzatu diren hiru lagunak tartean. Letoizko muraila horren bestaldean zer egongo zen jakin nahian, panel metalikoen azkoinak askatu eta parkean sartu ziren.

Harri eta zur utzi zituen bertan aurkitutakoak, hots, zaborra besterik ez. Hala, zabor poltsak eta aitzurrak eskuetan, «zabortegia» garbitzen eman zuten arratsaldea, Udaltzaingoa bisitan etorri zen arte. «Nagusiak zer esaten zuen» zain egon ziren ordubetez eta azkenean, sei pertsona identifikatu eta parketik aldentzeko agindu zieten udaltzainek. Auzoaren beharrekiko «instituzioen interes falta» salatzea izan zen `Auzoa loratu auzolana tresna hartuz' ekintzaren helburua. Auzoa erreferente duen Egin Ayllu ekimenaren ustean, partekatzeko eta bizilagunen artean harremanak bultzatzeko «gune irekiak falta dira». Muinoan bizi diren lagunek nahi duten auzo eredua eraikitzeko, «ezinbestekoa» deritzote beraien artean antolatzeari.

Pilotalekua ere elkarlanaren emaitza

Antzina, Eskoriatza Eskibel jauregiaren jabetzakoa zen gaur egun Auzolana pilotalekua dena. Hala ere, bere garaian, frontoia kudeatzeko ardura Gasteizko Udalari utzi zioten jauregiaren oinordekoek, baina, itoginak zirela eta sabaia konpondu behar zela, gastu horiek bere gain ez hartzea erabaki eta frontoia itxi egin zuen.

Horren aurrean eta herritarren kirol eskaerari erantzuteko, pilotalekua berriro ere irekitzea erabaki zuten auzokideek eta auzo honetan lan egiten duten hainbat elkartek, eta horretarako konponketak egitea, pixkanaka-pixkanaka, auzolanaren bitartez. Konponketa lanak egin ostean, iazko uztailaren 5ean ireki zuten, eta honekin batera, Auzolana frontoiaren kudeaketa eta erabilera suspertzeko helburuarekin, Txapa Ahotsa kolektiboa sortu zen.

Egun, pilotalekuaren kudeaketak autogestioa eta asanblada ditu oinarri. Hiru hilabetean behin bilera egiten dute erabiltzaile guztien artean eta berau erabiltzeko ordutegiak finkatzen dituzte beste ekimen asko zehaztearekin batera.Z. E

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo