GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Berriro ere etakiderik arriskutsuenak atxilotuta

Barne Ministerio espainoleko arduradunek une txarrak igaro dituzte. Bi astetan urteetako diskurtsoa eraitsi ondoren, ministroaren sinesgarritasuna kolokan egon da. Atzo, berriz, Saboia departamenduan izan ziren atxiloketek erakutsi zuten une horiek ez dietela gogoeta handirik egiteko biderik eman. Izan ere, betiko lelora itzuli dira, duela hogeita hamar urteko Barne ministroak eta ondorengo guztiek zabaltzen zuten diskurtsoaren analogiara. Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainoleko presidenteak «terrorismoaren kontrako borrokaren sendotasuna eta eraginkortasuna» ikusarazi nahi izan zuen atxiloketetan. Alfredo Perez Rubalcabak, berriz, atxilotutako ustezko etakideak «logistika militarreko arduradun nagusiak» zirela ziurtatu zuen. Hala ere, operazioaren garrantzia nabarmendu ondoren, Rubalcabak ohartarazi zuen ETA berriro saiatuko dela ekintza militarrak egiten. Mallorcako atentatuen ondoren erabili zuen diskurtso kontraesankor bera, alegia. Orduan erakunde armatuaren ahalmena aitortu zuen baina, aldi berean, herritarren segurtasuna bermatuta dagoela esan. Behin eta berriz, Barne Ministerioaren arabera, etakiderik arriskutsuenak atxilotzen dituzte, behin eta berriz «terrorismoaren kontrako borrokaren» eraginkortasuna erakusten. Horrenbeste urteren ondoren, horixe da Gobernu espainolak eskaintzen duen konponbidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo