GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Harmailetako festa baino, maiteago dituzte puntuak

Aviron Baionakoak Stade Française hartuko du Anoetako estadioan.

p027_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Anoetako estadioak errugbi partida handi bat izango du gaur ere. Orain artekoan Biarritz izan da Realaren zelaian aritu den euskal taldea, baina gaurkoan Aviron Baionakoa arituko da, Stade Françaiseren aurka, 20.30etik aurrera.

Partida oso garrantzitsua izango da euskaldunentzat, aurtengo denboraldian etxean arituko diren lehen aldia baita. Harmailetan festa izango da hasi aurretik, eta partidan zehar ere horrela izatea espero dute, baina zuri-urdinentzat garrantzitsuena puntuak dira, Liga hasiera oso bihurria baitute. Pasa den astean egungo txapeldunaren zelaian ekin zioten denboraldiari, Perpinyaren zelaian, alegia, eta 28-20 galdu zuten. Itxura oso ona eman zuten, eta defentsako lanari esker eskura izan zuten puntu bat ere, baina azkenean, ezinezkoa izan zuten.

Stadek ere garaipena nahi du gaurkoan. Toulonen zelaian jokatuz hasi zuten denboraldia, 20-20 berdinduz. Frantziarren xedea Liga irabaztea da, eta taldea ere horretarako egin dute.

Avironen ametsa, berriz, lehen seietan sartzea da, horrela, heldu den urtean, Heineken Kopa jokatzeko, eta honelako talde handi bat mendean hartzea oso garrantzitsua izango da, indar handia emango baitie. Jokalariei dagokionez, Avironek jadanik hamabostekoa erabakita dauka, eta honako hau izango da: Igiñiz, Roumieu, Boyoud, Filipo, Deen, Martin, Punicelli, Arraiet, Gower, Fall, Gerber, Mazars, Elhorga eta Peyras. Aulkian, berriz, Perugini, Tiatia, Avril, Tewhata, Baget, Bernad, Lacroix eta Garcia geratuko dira aukera baten zain.

Sarrerak badaude

Gaurko norgehiagoka ikusi nahi eta sarrerarik ez dutenek, badute erosteko aukerarik, oraindik salgai baitaude. Hori bai, gaur Anoeta estadioko leihatiletan bakarrik egongo dira salgai, ez da beste aukerarik. Goizean, 11.00etatik 13.00etara egongo da zabalik, eta arratsaldean, 14.00etatik partida hasi arte.

Internet bidez sarrera erosi dutenek, berriz, seigarren leihatilara joan beharko dute, han izango baitituzte sarrerak, eta 14.00etatik aitzina jaso ahal izango dituzte. Estadioko ateak 19.00etan irekiko dituzte, partida hasi baino ordu eta erdi lehenago. Festa, berriz, berrogei minutu geroago hasiko da, eta kantua izango da protagonista nagusia. Beste batzuen artean, Niko Etxart eta Anje Duhalde arituko dira kantari.

Pottoka, taldeko ikurra ere han ibiliko da giroa berotu nahirik. Avironen lepokoak erosi ahal izango ditu nahi duenak, baita taldeko jantzi ofizialak ere, han arituko baitira Avironen ordezkariak Anoetako estadioa dotore-dotore atondu nahirik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo