Itoizen doinu enblematikoak bertsio sinfonikoan, denen zirrara eragiteko zain
Atzoko entseguaren ostean, dena prest dago «Itoiz Suite» euskal talde enblematikoaren doinuak orkestrara moldatuz Juan Karlos Perezek egindako konposizioa estreinatzeko. Larunbatean, Bilboko Aste Nagusia amaitu aurretik, Abandoibarran, nahi duenak Bilboko Orkestra Sinfonikoaren interpretazioa entzuteko eta Jesus Mari Lazkano bergararrak kontzertu horretarako propio egindako irudiak ikusteko aukera paregabea izango du. Izango dira, jakina, nostalgiaren eraginak eramango dituenak, «Lau teilatu» edo «Marea gora» abestiek bertsio sinfonikoan, jatorrizkoan bezala, zirrara eragingo dieten ziurtasunarekin. Gazteagoek ulertuko dute zer dela-eta izan zen Itoiz 70 eta 80. urteetako talderik garrantzitsuenetakoa. Donostian ere laster izango dute «Itoiz Suite» entzuteko aukera, hilaren 25ean, Musika Hamabostaldian.
Itoizen itzulera hau, nolanahi ere, ez da salbuespena garai hartako taldeen artean, eta azken urteotan nagusitu den revival hori zerbaiten sintoma izan liteke. Sorkuntza krisi bat adierazten ote du? Gazteriaren grinen aldaketa? Politika kulturalak bide zuzenean ote doaz? Beharbada horren gaineko hausnarketa ere ez dago sobera.