Xabier Silveira Bertsolaria
Udan ez naiz hemengoa
Ea datozen uda garaiek ere Ares bezalako jende dinamikoa ekartzen diguten. Entzun dut datorren urterako Burlatan PPk txosna bat eta «tiro al borrokilla» bat jarriko dituela. Lizartzako jaietan txupinazoa Fragak botatzea, beste aportazio positibo bat izan liteke
Ze ongi egon daitekeen hondartzan, berrogei gradutan, ura edaten duzun aldiro are ale batzuk ezpainetan itsatsiz, inguruko milaka pertsonen zarata goxo-goxoak jasaten, umeak fardela marroia paseatzen eta txakur furtiboa toallan okupa. Gustura. Lasai. Oparrak gozatzen. Zein ongi egin daiteken paseotxo atsaldearra izozki hiru eurotakoak zurrupatuz, kukurutxoan, bolan edo eskuan eramatekoa eskatu duzun ez dakizun bitartean esne izoztu zapore exotikoeneko hori hatzetatik eskumuturrera gerturatzen doala, eskutik helduta, turista apur batzuekin gurutzatzen garen bitartean; gutxi batzuk, milaka gutxi batzuk besterik ez.
Ederki egoten da, aizue, frontoietan ere, ke pixka bat murtxikatuz irabazi edo galdu berdin berdin zaien heroiei begira, aho-zabalka beraien interesa adierazten duten seme-alabak etxetik bota eta ezin hobe pasatzen duten bikote erretiratu berrien artean. Gozada bat! Eta zer esanik ez futbol zelaietan! Hiriburu nagusiek beraien aste nagusientzat ezin izan dute gehigarri galaktikoagorik egin; ze ongi egoten den! Zenbat mozkortzen duen Kaka-k alkoholgabeko garagardoaren ondoan! Ze ona! Eta ze ongi egon daitekeen terrazan exerita, «hola, buenas tardes, que desean tomar» eta guzti, «dos cañas con limon y una de calamares», erretzaileak direnek paradisua aurkitu duten lekuan bageunde bezala jantzitako robot-pinguinoaren zain ordu erdi igaroz. Ongi egoten da, gehienbat «doce con sesenta» esaten duenean.
Eta brisa, oi brisa, estimatzen da bero sapak gehien jipoitzen gaituenerako haize kolpetxo freskagarria, estimatzen da bai, paera hegan doala ikusi bitartean barrurako behar zuena lurrean dela. Estimatzen da, porroa hegatzen ez duenean.
Ez dut maite Euskal Herria udan. Aldaketak onak dira onerako direnean baina ez gainerakoetan. Euskal Herria aldatu egin da, eta ez gutti gainera, gaur egun den leku nazkagarri hau bilakatzeraino, udan. Ez gara hemengoak hemen, udan. Munduko beste edozein leku turistikoetan bizi diren bezalatsu bizitzen hasi gara, ez?
Ni baiezkoan nago. Eta ez dut sinesten jendea bizi den lekuak beraien kabuz edo naturaren poderioz eraldatzen direnik. Herri hau beste edozein bezain aspergarria eta grisa izatea ez da euriaren kulpa, ez eta eguzkiarena ere. Norbaitek hala erabaki eta guk, artaldea bagina, beraien nahiei men egin.
Eskerrak Ares jaunaren txakurrek giro pixka bat jarri diotela udara honi, suak beti behar du egurra berotzen jarraitzekotan. Ea datozen uda garaiek ere Ares bezalako jende dinamikoa eskaintzen diguten. Hasteko, entzun dut datorren urteko Burlatako jaietan Partidu Popularrak txosna bat eta «tiro al borrokilla» bat jarriko dituela. Lizartzako jaietan txupinazoa, adibidez, Fragak botatzea, beste aportazio positibo bat izan liteke. Proposamen guztiak onartzen dira. Edozer gauza herri hau udan den bezalakoa berriz izan ez dadin. Bitartean, ea Zaramak beste kontzerturen bat noiz eskaintzen duen itxaron beharko. Dibertitzeagatik, edozer!