Alvaro Uribe gero eta hurbilago dago hirugarren aldiz Presidentetza lortzetik
Alvaro Uribe berriro hauteskundeetara aurkezteko aukera onartu du Senatuak. Hala, Kolonbiako presidenteak hirugarren agintaldia bere gain hartzeko bidea irekia du, oposizioak ezezko borobila eman duen arren.
GARA
Kolonbiako Senatuak, Alvaro Uribe presidentea berriro hauteskundeetara aurkezteko aukera bozkatzeko erreferenduma egitea onartu zuen atzo. Proposamenak aldeko 56 boz eta kontrako bi jaso zituen. Bestalde, Polo Demokratiko Alternatiboa (PDA) eta oposizioko Alderdi Liberala (PL), euren desadostasuna adierazi, eta bozketatik erretiratu ziren.
Hirugarren agintaldia
Erreferendumak aurrera eginez gero, Uribek hirugarren aldiz hautetsia izateko parada izango luke 2010eko hauteskundeetan, ondoz ondoko hirugarren agintaldia hartuz bere gain.
Orain, Kongresuan aztertuko dute auzia, eta onartzekotan, lege bihurtuko litzateke. Legegintzako ganbera horretan onartua izan eta gero, Auzitegi Konstituzionaletik pasatzea litzateke, erreferenduma egiteko eman beharreko azken pausoa. Bozketa horretan, kolonbiarrek, Konstituzioaren erreforma egitearen alde edo kontra bozkatuko dute. Erreforma onartzeak Uriberi berriz aukeratua izateko bidea zabalduko lioke.
Senatuan onetsia izan ostean, Fabio Valencia Cossio, Barne eta Justizia ministroak, oniritzia eman zuen eta oposizioari «eztabaidan aktiboki parte hartu izana» eskertu zion. Era berean, hurrengo bozketari begira, hausnarketarako deia luzatu zion Kongresuari.
Oposizioak, bestalde, Gobernuaren aurkako kritikak egin zituen eztabaidan zehar. PDAko senatariak, argi adierazi zuen ez datozela bat Uriberen politikarekin, besteak beste, «zortzi urtetan ez delako gai izan mafia Estatutik ateratzeko». Alderdi Liberalak ere desadostasuna adierazi zuen.
Uribe, Ameriketako Estatu Batuen aliatu hurbilenekoa da, horren adierazle da sinatzekotan diren Itun Militarra. Honen bitartez, AEBek, base militarrak ezarriko dituzte Kolonbian. Egitasmo honek, ezezko borobila jaso du Latinoamerikako herrialde gehienen aldetik, aurreikuspen guztien arabera, ordea, aurki sinatuko dute akordioa.
Konstituzioaren erreformak, bideratuko luke Uribek beste behin ere presidente kargua bete ahal izatea.