GARA > Idatzia > > Kultura

«Itoiz suite»ren estreinaldia

«Lau teilatu»ren azpian, 83 musikari

Bilboko Orkestra Sinfonikoa prest da bihar, Aste Nagusiaren barruan, «Itoiz Suite» obraren estreinaldirako. Lana Juan Carlos Perez konposatzaileak urte eta erdiz isilean egindako emaitza gordetzen du: zazpi mugimendu, Perez berak, Itoiz taldeko buru zela 1980ko hamarkadan sortutako zazpi kantutan oinarrituta. Gero, Donostiara egingo du BOSek, Musika Hamabostaldian jotzeko.

p034_f01_118x176.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Atera hurbildu eta Itoizen «Lau Teilatu» kantuaren melodia izan zitekeena antzeman dugu belarrietan. Goizeko hamaikak dira eta Euskalduna jauregiko 5.enean gaude, bertan baitu Bilboko Orkestra Sinfonikoak egoitza eta entsegu gela. Osteguna da, eta entsegu nagusia dute.

Barruan musikariak partiturei so, lasaitasun itxura batean. Beraien aurrean eta laurogeita hiru musikarien lanari adi, bi gizon. Hauek artega daude, eta tentsioa nabari zaie begietan. Iker Sanchez da bata, eta Juan Carlos Perez bestea: orkestraren zuzendaria eta obraren egilea. Prestatzen ari diren lana berriz, «Itoiz Suite», urte eta erdian J. C. Perezek prestatua, gaztaroan Itoiz taldean sortu kantuen moldaketak eginez orkestrarako.

«Foisis jauna»

Perez partitura artean murgilduta zela (beti eman izan du erosoago oholtza gainean hedabideen aurrean baino), Jose Garate Foisis ondarroarrarekin solastatu gara entseguaren atsedenaldian. Azaldu beharra dago Itoiz taldeko baxu-jotzailea izan zen ondarroarra BOSeko kontrabaxu-jotzailea dela egun, orain dela hamabost urtetik.

«Printzipioz beti pentsatzen duzu ez duela zentzurik Itoiz bezalako talde baten kantuak orkestrarako moldatzea, kontu hori talde handiagoen gauza dela uste duzu-eta...» hasi zitzaigun Foisis herabe, «... hunkitu egiten naiz» ahots dardaratiz onartu, eta arnasa berriro hartuta «oso ilusionatuta nago» esateko.

Perez taldekideak egindako lanari dagokionez, eta orkestrako partaide gisa, «konturatu naiz musika klasikoa jotzera ohituta gaudenez, kosta egiten zaigula rock doinuetara moldatzea, baita ska edo swing erritmoetara ere, eta pare bat entsegu gehiago ondo etorriko litzaizkiguke», onartu digu, «behin erritmoa hartuta, eginda dago» bukatzeko. Bere kasu baina, «abantaila dut hor, kantu horiek urte askotan zehar jo izan ditut eta», gogorarazi digu. Musikari peto-petoak dira orkestrak biltzen dituenak, eta iritzi berekoa da Iker Sanchez ere «lasaiago joango ginateke bihar zuzenekora beste entsegu bat gehiago izango bagenu» aitortzerakoan, gero «kontzertu biribila izango da» ziurtasunez gaineratu arren.

Zuzendaria Foisis jauna baino urduriago dagoela ematen du, berak izango baitu bihar batuta eramateko ardura. «Hiru hilabete inguru eman ditut Perezekin lanean» ihardetsi digu Sanchezek, lana eta bere prozesua ondo ezagutzen zuela gogorarazteko.

«Lehen moldaketa lanak egin, gero konponketak eta aldaketak... sekulako lana egin du Perezek, eta oso ondo erakusten ditu Itoizen kantuak, batere erraza ez dena», aitortu digu zuzendariak, «oso ondo funtzionatuko duela uste dut» jarraitzeko. Egitasmoari dagokionez, xedea «ideia nostalgikoei melodia ezagunak ematea da alde batetik, eta orkestra sinfonikoaren zale direnak asetzea bestetik».

Honakoa ez da pop doinuak orkestra sinfonikoaren moldera ekartzen diren lehen aldia -Sanchezek berak The Who eta Metallicaren lanak gogorarazi dizkigu-, eta konbaraketak egitea erraza izaten ez den arren, «Metallica taldea bera orkestraren aurrean egon zenez, kontu ezberdina da, baina beraien kasuan bezala distira dauka Perezen lanak. Alde horretatik, The Whoren lan sinfonikoak lauagoak iruditzen zaizkit» azaldu zigun. «Berriro diot, distira du J. C. Perezek egindako lan eskergak».

Foisisengana bueltatuta, lankideek esaten diotenaz ere galdetu diogu, modu batean protagonista berezi bihurtu baitu -Perez konposatzailearekin batera- ekimen honek. «Oraindik kontu handirik ez, asko ez dira-eta ohartu ere egin ni Itoizeko kide izan nintzela» aitortu digu Garatek -herrialde askotako musikariak dira orkestran-. «Kontrabaxu-jotzaileen artean bai», jarraitzen du ondarroarrak, «ondoan dudan venezuelarrari eta kontatzen dizkiot garai haietako kontuak». Izan ere, gogorapen ugari berritu ditu Foisisek ekimen honen bitartez. «Nik onartu behar dut irudiak etortzen zaizkidala burura, garai haietakoak, furgoneta bidaia, eztabaida, batez ere Bizkaia osoan zehar eman genituen berbenetakoak». Oroitzapen politak dira, «atzera begiratzen duzunean gertatu ohi den legez, irribarretsu jartzen nautenak». Bide beretik jarraituz, «nik partiturak jo ohi ditut, besterik gabe, eta kasu honetan beste modu batera jotzen ditut, biziago».

Azken hamarkada eta erdia BOSeko kontrabaxu-jotzaile lanetan dabilen Foisisen ustez, «Itoiz iraganeko kontua da, eta egun egin daitekeen bakarra berau gogora ekartzea da», egin beharreko sorkuntza lanak «bere garaian egin genituen eta» erantzun zion Itoiz berriz agertzeko aukerari buruz galdetzean (betiko galderari).

Musikaria eta zuzendaria agurtu aurretik, «pozik ez zara inoiz gelditzen, exigentea izanda beti dagoelako zer ondu eta konpondu» onartu digu Sanchezek, «baina esperientzia freskoa eta polita izan da». Bi urte daramatza BOS eta beste orkestra batzuekin lanean irundarrak, baina honakoa du pop talde baten musika jotzeari ekiten dion lehen aldia. Bukatzeko, egitasmoaren unerik politenaz galdetu eta irribarretsu, «oraindik ez da heldu» bota digu. «Entseguak eta politak dira, baina neketsuak oso», eta behin zuzenekora eramanda, «erlaxatu eta gozatu beharra ere badago».

Biharko estreinaldia

Orkestrak bihar hartuko du Abandoibarrako oholtza, 23.30ean eta doan, Aste Nagusiaren barruan. Programari dagokionez, eta Iker Sanchezek azaldu digunez, S. Barberren «Essay nº2, op. 17» eta J. Sibeliusen «Karelia suite, op. 11» joko dituzte aurrena, zuzenekoarekin hasteko, eta «Itoiz Suite» gero: «Ezekielen prophezia», «Marea Gora», «Marilyn», «Goizeko deiadar», «Lo egin», «Lau teilatu», «Hegal egiten» eta «Foisis jauna» -kontrabaxua astintzen izango dena-. Itoizen musikaz hasi ginenontzako ekitaldi hunkigarria izango da ziurrenera, Donostian datorren asteartean programa berdinarekin errepikatuko dena -Barberren piezaren ordez Ch. Ivesen «The unanswered question» piezak irekiko du jarduna-, 20.00etan Victoria Eugenia antzokian eta Musika Hamabostaldiaren barruan. Sarrerak salgai dira dagoeneko, eta oraindik badago hauetariko batzuk erosteko aukera, 10 eurotik 35 euro bitarte.

Jardunaldia aurkeztu zutenean, Jesus Mari Lazkano artistaren partaidetza ere iragarri ziguten antolatzaileek, artista plastiko batek ekitaldia aberastuko zuelakoan. Orduan, bi sortzaileek antzeko ibilbidea zutela gogoratu zuten, Gipuzkoan sortu eta Bilbora jo baitzuten sorkuntza lanak garatzera (gaztetxoagoa da Lazkano), eta harrezkero adiskidetu eta elkarren lana jarraitu izan dute.

Atzo Serrano ekoizpen etxekoek azaldu zigutenez, «8x4 neurriko pantaila erraldoian jaurtiko dute Lazkanok kontzerturako propio egin lana, naturako irudiz osatua. Bergararrak berea du zuzenekoa iragartzeko afixa bukolikoa ere.

Bilbora hurbiltzeko betarik ez duenarentzat, EITB-k kontzertua grabatu eta zuzenean emango du bihar Euskal Telebistako lehenengo katean.

Etorkizun hurbilean CD/DVD bat argitaratzeko asmoa ere agertu zuten egitasmoaren antolatzaileek. DVDak Euskal Telebistak Abandoibarran grabatuko dituen irudiz osatua egongo da eta audioari dagokionez, berriz, irailaren 2 eta 3an egingo dituzte grabaketak, Sarrikon dagoen kontserbatorioan. Gogoratu BOS-ek bertan grabatu zuela Kiyoshi Shomura japoniar gitarra-jotzailearekin plazaratu zuen diskoa ere.

Itoiz taldea 1988an igo zen azken aldiz oholtza gainera. Geroztik makina bat euskal taldek bertsionatu edo jo izan dituzte haien kantuak, rock formatuan (Split 77, E. H. Sukarra...) edo edozein jaietako plazetan (berbenatan). Orain harmaila bat gehiago igo eta kantuen sortzaileak berak, J. C. Perezek, konponketak egin dizkio Itoizen zazpi kantu ezagunenetarikoei, laurogeita hiru laguneko orkestra dotoreak jo ditzan, Itoizen musikari ate berri bat irekiz eta... -aurkezpen egunean ««Itoiz Suite» taldearen azken diskoa da», esan zuen- kantuak betiko agurtuz?.

Itoizen zaleek kantuak ezagutuko dituzte orkestraren soinuan ere -hori da asmoetariko bat-, baina «Itoiz Suite» sortzerakoan, «orain hogeita hamar urte taldean genuen sortzaile grina eta jakin-mina berriro azaleratu eta ulertarazten saiatu naiz» aitortu zigun mutrikuarrak. Poztekoa da oraindik ere, gaurkotua eta beste molde batean emana, sortzaile grina horrek bizirik irauten duela ikustea, bi hamarkada geroago.

La obra será grabada y editada en cd/dvd

La obra «Itoiz Suite», con los siete movimientos de otras tantas canciones de Itoiz, que su compositor original Juan Carlos Perez ha arreglado para orquesta sinfónica, será grabada y editada después en cd/dvd. Las imágenes del dvd serán las mismas que ETB grabará mañana en Abandoibarra (emitirán el concierto en directo por su primer canal). El sonido, por su parte, no se grabará en directo, sino en estudio. Concretamente es el Conservatorio de Sarriko el lugar elegido para las grabaciones de los días 2 y 3 de setiembre, donde la BOS grabó anteriormente junto al guitarrista japonés Kiyoshi Shomura. La obra estará probablemente destinada a ser un éxito en la próxima edición de la Azoka de Durango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo