Ikurrinari baietz esan diote Konpartsek, eta bandera espainolari berriz, ezetz
Ikurrina omendu zuten atzo Bilboko Konpartsek. Urtero legez, kalejira egin zuten Arriagatik udaletxe aurrera. Ehunka lagunek aurre egin zioten eguraldi txarrari eta musikaz lagundurik zeharkatu zuten Bizkaiko hiriburuko Areatza. Konpartsa kideak, hala ere, ez ziren bakarrik joan, Marijaiak, Sonia Polo txupinerak eta Joseba Solozabal pregoilariak ere parte hartu baitzuten euskal ikurrari eginiko omenaldi xumean, haren aldeko hautua aldarrikatuz.
Ruben PASCUAL | BILBO
«Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil», kantatzen zuen DUT taldeak. Atzokoan, baina, bilbotarrek frogatu zuten badakitela ikurrinarentzat haize ezin hobea izaten.
Bilboko Konpartsek antolatuta, urteroko omenaldia egin zioten atzo ikurrinari eta ehunka lagunek babesa eman zioten deialdiari. Konpartsen federazioan parte hartzen duten talde gehienek parte hartu zuten.
Arratsaldeko zazpiak aldera iritsi ziren Arriaga plazara Sonia Polo txupinera eta Joseba Solozabal pregoilaria, Marijaia zain zutelarik. Aste Nagusietako ikur nagusiak han zeuden, beraz, eta orduan eman zioten hasiera ikurrina omentzeko ekitaldiari.
Polok eta Solozabalek Arriaga antzokiaren aurrean dagoen mastan gora ikurrina igotzen zuten une berean bertaratutakoek txalo zaparrada eta «ikurrina bai, espainola ez» oihuak bota zituzten.
Era honetan, beste behin ere, aldarrikatu zuten bilbotarrek euskal ikurra baino ez dutela nahi beren udaletxeko balkoian. Bandera espainola iazko apiriletik dago Bilboko herriko etxeko fatxadan, Iñaki Azkuna alkate jeltzaleak bertan jarri zuenetik.
Eguraldi txarrari...
Aurreskuaren ondoren, Areatzan kokatutako txosnagunea zeharkatu zuten, Algara konpartsako trikitilari eta pandero-jotzaileen musikaz lagunduta.
Euriak ere ez zuen ikurrina omentzeko aukera galdu nahi izan, eta kalejira Areatzatik igarotzen hasi bezain pronto, euri tanta batzuk erori ziren.
Hala ere, jendeak eguraldi txarrari aurpegi ona jarri, eta gogotsu jarraitu zuen bere ikurraren eta nortasunaren aldeko hautua aldarrikatzen. «Ikurrina bai, espainola ez», «Azkuna entzun, Bilbo euskaldun» edota independentziaren aldeko oihuen artean egin zuten bidea.
Udaletxe aurrera heldutakoan hasi zen omenaldiaren bigarren zatia. Txupinera eta Pregoilaria aurrean zituela, Marijaia bertsotan hasi zitzaien inguratutako lagun guztiei.
Udaletxearen goialdean dagoen erlojuaren alde banatan ikurrina eta bandera espainola ikusten zituela kontatu, eta kantuan hasi zen.
Erlojuak denboraren gorabehera markatzen duenez, nabarmendu zuen badagoela denbora aurka dugula uste duen jendea, baina oker dabiltzala argitu zien: «Banderarekin atzera goaz, ikurrinakin aurrera».
«Herri bat gara bizizalea eta kalea da geurea», ohartarazi zien herrikideei, eta «onartzen diren etsai bakarrak resaka eta logurea» direla azaldu zien.
Herri aske eta benetan euskaldun batean bizitakoan, Bilboko uretan uger egingo duela esan ostean, konpartsa kideak zoriondu zituen, jai herrikoi eta parte-hartzekoak bultzatzeko egiten duten guztiagatik: «Aste Nagusi batean horra zein herritar xumeak, musutrukeko lanari esker sortutako jai gunea».
Ikurrinaren kolorea zuten puxikak askatu eta konpartsa kideen dantzarekin eman zioten amaiera ekitaldiari.