GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Alokairu babestua indartzeko eskatu du Nafarroako Kontsumitzaile Elkarteak

Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak etxebizitza eskubidea bermatzeko, alokairu babestua bultzatu behar dela adierazi du. Horrez gain, errenten gaineko aholkuak biltzen dituen eskuliburu bat plazaratu dute.

p015_f0273571.jpg

GARA

Unibertsitateko ikasturte berria hastear dagoenez, etxebizitzen errentei dagokienez, iraila «hilabete betea» dela argitu dute Irache elkartekoek. Urte sasoi honetan 400 kontsulta inguru jasotzen dituzte. Hori dela eta, aurten Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak eskuliburu bat kaleratu du ohiko galdera eta erantzunak biltzen dituena.

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak etxebizitza eskubidea bermatzeko «bide egokitzat» jo du alokairua. Alde horretatik, elkartearen ustez, «beharrezkoa da formula hori garatzeko, dauden zailtasunak ezabatu eta ahalmenak indartzea». Idatzi batean jakitera eman duenez, alokairuaren erabilera areagotzeko, babes ofizialeko etxebizitzak egiteaz gain, ezinbestekoa da hutsik dauden etxeak alokairuan jartzea.

Bestalde, «jabeen babes eta segurtasun juridiko faltari irtenbidea emateko» hainbat neurri ezarri behar dela uste dute. Izan ere, beren hitzetan, «jabe askok ez dute euren eskubide eta betebeharren berri». Eman duten beste gomendioetako bat errenta hitzarmenen gainekoa da. Segurtasuna eta erosotasuna bermatze aldera, alokairu hitzarmenak idatziz egitea gomendatzen du kontsumitzaileen elkarteak. «Kasu askotan hitzezko hitzarmenak egiten dira eta ondoren konpontzen zailak diren arazo eta desadostasunak sortzen dira», azaldu zuten.

Bestalde, Iruñeko Udalak jakitera eman duenez, iragan uztailaren amaiera arte berrogei familiari alokairuaren zati bat ordaintzeko diru laguntza eman dio, martxan duen Alokairuaren Aldeko Programaren baitan. Helburua, atzo Udalak argitu zuenez, da «etxebizitzetara irisgarritasuna edo horien mantentze-lanak ordaintzeko arazoak dituzten familiei laguntzea».

Iruñeako familientzat

Urte amaierara arte egiten dira laguntza eskariak, eta guztira 135.000 euro banatuko ditu Iruñeko Udalak. Hala ere, hauek «une zehatz batean, etxebizitza behar larria duten eta egoera prekarioan dauden Iruñeko familiei zuzenduriko laguntzak dira», zehaztu zuten Udaleko arduradunek. Hilabetean 215 euroko errentara iristen ez diren familiek ordaindu beharreko alokairuaren %70 jasoko dute, hilean 275 eurotik gorako diru sarrerak dituztenek berriz, errentaren %50 jasoko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo