GARA > Idatzia > > Mundua

Torturatzaileak epaitzeko eskaerak polemika sortu du Brasilgo Gobernuan

Brasilgo Abokatuen Elkarteak, Amnistiaren legea aldatzeko eskaria igorri dio Auzitegi Federal Gorenari, diktadura garaiko torturatzaileak epaituak izan daitezen. Eskaera horren inguruko iritziak kontrajarriak dira, ordea, Gobernuko kideen artean.

GARA

Amnistiaren legeak 30 urte betetzen dituen honetan, Brasilgo Gobernuan jarrera kontrajarriak daude, 1964-1985 bitarteko diktadurako torturatzaileak epaitzeko erabakia dela-eta. Defentsa eta Justizia ministroak ez datoz bat Amnistiaren legea aldatzeko aukeran. Brasilgo Abokatuen Elkarteak Auzitegi Federal Gorenari legea aldatu eta tortura kasuak ikertzeko eskaera egin zion.

Nelson Jobim Defentsa ministroa ez dago 1979ko Amnistiaren legea aldatzeko proposamenarekin ados. Diktadurako hilketak preskribatuta daudela adierazi zuen Jobimek. Prozesuak berriz abiaraztea baimentzen duten giza eskubideen nazioarteko itunen gainetik dagoela Konstituzioa gaineratu zuen. Era berean, ohartarazi zuen behin amnistia jasota, inork ezin duela epaitua izan.

Bestalde, Tarso Genro, Justizia ministroak, torturatzaile guztiek epaituak izan behar dutela adierazi zuen Rio de Janeiron Amnistiaren 30. urteurrena gogoratzeko egindako ekitaldian. «Tortura edozein amnistiaren gainetik dagoen krimena dela» ohartarazi zuen. Era berean, giza eskubideen defentsan nahitaezko urratsa izateaz gain, Brasilgo demokratizazio prozesuan eman beharreko pausoa dela gaineratu zuen. Honela, aurrera begira, tortura gehiagorik egin ez dadin, torturatzaileok epaitzea beharrezkotzat jo zuen Genrok. «Ez dugu torturatzaileak torturatuak izatea nahi, soilik epaituak izan daitezela eskatzen dugu» adierazi zuen Justizia ministroak.

Presidentea isilik

Bi ministroen arteko tirabiren aurrean, Luis Inacio Lula da Silva, Brasilgo presidenteak ez zuen adierazpenik egin. Hala ere, ohartarazi zuen amnistia ez zela borondate oneko ekintza bat izan, «benetako aldarri nazionala» baizik.

Lularen hitzetan, amnistiaren bidez ehunka brasildarrek arlo politikoan berriro hasteko aukera izan zuten, «herrialdearen demokratizazioan derrigorrezko urratsa emanez». Prozesu horren ondorio zuzena, aparteko aurrerapenak ekarri dituen Konstituzioa izan zela gaineratu zuen.

Azpimarratu beharreko datua da Lulak amnistia jaso zuela 1994an. Buruzagi sindikala izan zen garaian, 1980an, Lula preso egon zen 30 egunez, eta azkenean, 1994an, amnistiaren legearen ondorioz, haren aurkako prozesua behin betiko artxibatu zuten.

1979an, diktadura militarraren garaian (1969-1985), orduko Gobernuak amnistia aldarrikatu zuen. Ondorioz, Brasildik irtendako ehunka errefuxiatu itzuli egin ziren herrialdera.

amnistia legea

1979ko abuztuaren 22an onartu zen Amnistiaren legea Brasilen. Ondorioz, ehunka errefuxiatu Brasilera itzuli ziren. Egun, legea aldatu nahi dute, garaian torturak burutu zituzten pertsonak epaitu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo