GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka ahalegina

Izetatarrek helburua bete dute 100eko zilindroarekin

Aitak eta semeak 100 aldiz jaso zuten 6 minutu eta 55 segundoan.

p038_f01_097x127.jpg

Jon LEUNDA | ERGOBIA

Izeta II.ak eta Izeta IV.ak marka berria ezarri zuten atzo Ergobiko plazan, 100 kiloko zilindro zaharra 100 aldiz txanda librean 6 minutu eta 55 segundoan jaso ostean. Biko honek, gainera, berezitasun bat ere bazuen, Izetatarrak aita eta semea baitira, eta horrek berak ere marka berezia egiten zuen.

Jende asko batu zen Ergobiko plazan ekinaldi hau zuzenean ikusteko asmoarekin. Izan ere, marka saiakera honetaz gain, Perunetarrak, Irigoien eta Urdax ere bertan izan baitziren beren ekinaldiak egiten.

Izetatarrak ederki moldatu ziren, eta hasieran jarritako erritmoari bikain jarraitu zieten, eta amaieran zazpi minuturen azpitik amaitu zituzten beren lanak. Zazpi minuturen bueltan ibiliko zirela uste zuten zaleek, eta azkenean, horren behetik amaitu zuten.

Saioari bizi-bizi ekin zioten, eta 38 segundoan lehen hamar jasoaldiak emanak zituzten, eta erritmoari jarraitzeko moduan izan ziren. 2 minutu eta 4 segundoan, 30 jasoaldi eginak zituzten, eta lan erdiak, 50 jasoaldiak, alegia, 3 minutu eta 28 segundoan. 90 jasoaldi, berriz, 6 minutu eta 16 segundoan, eta azkenean, 6 minutu eta 55 segundoan burutu zituzten beren lanak.

Espero zitekeen moduan, Izeta II.ak eraman zuen ekinaldiaren pisurik handiena, baina Izeta IV.ak ere bikain erantzun zion aitari.

Amaieran pozik zegoen Izeta II.a: «Lan ona egin dugu. Hasieran jarritako erritmoari ongi jarraitu diogu, eta uste dut egindako denbora oso ona dela», esan zuen. Bere semeak ere bikain erantzun zuela onartu zuen: «Semea oso ongi aritu da, lan bikaina egin du».

Aitak eta semeak, elkarrekin marka bat jartzea zirraragarria zela esan zuen: «Uste dut gauza oso polita dela. Oso zaila da aitak eta semeak elkarrekin honelako gauza bat egitea, eta guk, une honetan biok sasoiko gaudela, egiteko aukera izan dugu. Oso polita da elkarrekin honelako marka bat egitea eta hortxe geratuko da. Nahi duen bikoteren batek apurtzeko hor izango da», esan zuen aiarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo