GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Gezur bat 800 aldiz

Iraganik gabeko pertsona edo herria, sustrairik gabeko zuhaitzaren parekoa da. Pertsona edo gizarte baten oinarria ezabatzeko, euren iragana (historia) ezabatu eta berri batez ordezkatzea da gakoa. Historia desegitea, historia berregitea

«Hasta que los leones tengan sus propios historiadores, las historias de cacería seguirán glorificando al cazador». Eduardo Galeano

Irakatsitako historia hiltzaileek idatzi zutela eta ikasi genuena sinetsi ere egin genuela aipatzen zuen Negu Gorriak taldearen abestiak. Ez zitzaien arrazoirik falta neurri batean: Galeanok aipatu lehoiei gertatutako gauza bera gertatu izan zaie urte luzez hainbat herrialde eta giza talderi ere, euskaldunok barne.

Historia tresna indartsu bezain erabakiorra da edonon eta edozeinentzat. Iragana ezagutu behar da oraina ulertu eta ondoren etorkizuna eraikitzen hasteko. Iragana, historiaren bidez transmititu izan ohi denez, historia kontrolatzen duenak, iragana du bere kontrolpean eta ondorioz baita oraina eta etorkizuna ere.

Agintea eduki dutenak kontziente izan dira historiaren garrantziaz eta historia bera ere baliatu dute boterea mantendu edo areagotzeko. Ildo honetan, ongi diseinaturiko taktika lantzen joan dira: hasteko, gezurra erabili ohi dute, euren ekintzak justifikatzeko asmoz; gezur bera, behin eta berriz errepikatzearen bidez, egiaz mozorrotuz. Jarraian, armen eta odolaren mintzoak hartzen du protagonismoa, indartsuenaren legea. Azkenik, behin xedea (lur edo baliabideen konkista) erdietsita, historia erabiltzen dute. Euren aldeko historia asmatuz; historia, beraien asmaturiko istorioez ordezkatuz: historia berria; historia bakarra.

Iraganik gabeko pertsona edo herria, sustrairik gabeko zuhaitzaren parekoa da. Pertsona edo gizarte baten oinarria ezabatzeko, euren iragana (historia) ezabatu eta berri batez ordezkatzea da gakoa. Historia desegitea, historia berregitea: liburu nahiz artxibo zaharren suntsiketa, ahozko transmisioan igorle diren adinekoen erailketak, gezurren sistematizazioa, egia ofizialen monopolioa... Honela iritsi da guganaino ikasi dugun historia. Era honetakoa da kontatu diguten iraganaren elaborazio errezeta.

Beste alde batetik, kultura nahiz zibilizazio ugariren azkena ekartzen du honek guztiak. Oso gutxi izan dira gai suntsiketa-makina honi aurre egin eta norbere historiaren desjabetzea ezerezean uzteko. Urteen poderioz, gero eta nekezagoa da gainera hau: ahozko komunikazioa abiadura bizian galtzen doan heinean, ideologia zehatzetako komunikabide talde erraldoiek kontrolatutako medioak denon etxeetan sartu dira.

Telebista, familiako informazio iturri nagusi eta egiaren sinonimo bilakatu da, otordu osteko solasaldia ordezkatuz. Jainko berri baten aurrean gaudela dirudi. Milioika zalek, begi eta ahoak zabalik, kaxa hipnotikoak eskainitako guztia barneratzen dute.

Honi beraiek diseinaturiko hezkuntza sistemaren eragina gehitu behar zaio. Haur nahiz nerabeei irakasten zaien historia irabazleen historia da.

Amaitze aldera, fenomeno hau, eskala globalean ez ezik, eremu lokaletan ere eman ohi dela aipatu nahi nuke. Getariaren kasuan, 2009. urtea berezia zela aipatu zitzaigun hasieratik herritarroi. Antza, gure herriak 800 urte betetzen zituen, 1209. urtean sortua izan zenetik, hau ospatu beharreko gertakaria zelarik. Historiaren bertsio ofizial honek ordea, herriko historia zaletasun eta hainbat historialari neutralen dokumentazio lanarekin egin zuen talka. Honi esker, orain arteko teoria iraultzen duten froga ugari aurkitu dira. Ondorio gisa, aurten Getariaren sorreraren 800. urteurrena ez dela esan daiteke; izan ere, 2009an 800 urte betetzen dituena Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Getariari berretsitako (ez emandako) hiri gutuna da. Gaztelaren hiribildu titulua eta Getariaren sorrera desberdintzea gakoa da.

Honen harira, kontuan hartzeko gertakaria da, 1200. urtean Gaztelako Erreinuak, Nafarroako Erreinukoak ziren Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba konkistatu zituela, ekintza militar zein nobleekin egindako akordioen bidez. Jarraian, bertako herriei hiri gutunak berresteari ekin zion Gaztelak. Honen xedea, herriok Gaztelako Erreinuan integratzea zen, bere interes ekonomikoak asetzeko eta Kantauri itsasorako irteera kontrolatzeko. Getaria, itsas merkataritza eta balearen arrantzagatik zen interesgarri.

Azken frogen arabera, duela 4.000 urte ingurutik bizi izan da etengabe populazioa Getarian. Eta bere sorrera ere, 1209 baino lehenagokoa dela esan daiteke. Izan ere, 1180. urtean Nafarroako Erreinuko Antso VI.ak Donostiari eman zion Foruan, Getaria ere aipatzen da; herri hau Antsok berak sortu izanaren hipotesiak indar handia du beraz. Herrian egindako indusketetan aurkitutako nafar txanponek ere (1150-1180 urteetakoak), Getaria Nafarroako Erreinuaren parte izan zela frogatzen dute. Hala eta guztiz ere, komunikabide nagusi gehienek zein hainbat toki-administraziok (festetako programaren sarrera testua kasu), herriaren 800. urteurrenaz eta honen ospakizunaz mintzatzen jarraitzen dute. Herritarrok ordea, gertakari historiko nagusien gogoratze eta hausnartze lanetan, historiaren berrikuspen kritikoa egiten dihardugu. Batzuek, oraindik ere, temati, ezjakintasunez edo apropos, 800 urteen gezurra 800 aldiz errepikatuaz, gezur hori egia bailitzan saltzen jarraitu arren...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo