GARA > Idatzia > > Kultura

Hego eta Erdialdeko Amerika, Donostiako Zinema Eraikitzen atalean

GARA | DONOSTIA

Mexikoko, Costa Ricako, Txileko, Uruguaiko eta Argentinako sei film aurkeztuko ditu aurten Donostiako Zinemaldiak Zinema Eraikitzen atalean, irailaren 22 eta 23an. Eta Zinema Mugimenduan ekimenean berriz, Egipto, Palestina eta Irakeko film bana.

Zinema Eraikitzen atalean, Sebastian Hiriarten «A tiro de piedra» (Mexiko), Paz Fabregaren «Agua fría de mar» (Costa Rica-Estatu frantsesa), Niles Jamil Atallahren «Lucía» (Txile), Natalia Smirnoffen «Rompecabezas» (Argentina), Daniel Hendlerren «Norberto, apenas tarte» eta Federico Veirojen «La vida útil» (Uruguai) izango dira aipatu sei filmak.

Donostiako Zinemaldiak eta Tolosako (Estatu frantsesa) Rencontres Cinemas d´Amerique Latine jaialdiak antolatzen dute Zinema Eraikitzen atala, Latinoamerikako zinemari laguntze emateko asmoarekin, eta 16. edizioa du honakoa.

Atalak iaz izandako partaidetza bikoiztu egin du aurten; 115 proiektu jaso baitira 21 herrialdetatik. 2008an, berriz, 20 herrialdetatik bidalitako 64 jaso ziren. Eta proiektu guztietatik sei film hautatu dira, ekoizpenak burutzeko laguntzak eskuratzeko hautagai izango direnak.

Zinema Mugimenduan

Donostia Zinemaldiaren beste laguntza programan, Zinema Mugimenduan izenekoan, Egiptoko, Irakeko eta Palestinako film bana aurkeztuko dituzte, ekimenaren bosgarren edizioan, irailaren 21ean, astelehena.

Honakoak hauek dira hiru filmak: Mohamed Al-Daradji zuzendariaren «In The Sands Of Babylon» (Irak), Iman Kamelen «Beit Sha'ar/Nomad's Home» (Egipto) eta Kamal Aljafari zinemagilearen «Port Of Memory» filmea, (Palestina-Alemania).

Hautatu egitasmoak burutu eta filmeak aurrera atera daitezen sari garrantzitsuak eskaintzen dituzte atal batak zein besteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo