GARA > Idatzia > > Kultura

Fito & Fitipaldis prest dira irailean lan berria plazaratu eta biran abiatzeko

GARA | BILBO

Fito Cabrales bilbotarrak prest du dagoeneko irailaren 15ean plazaratuko duen «Antes de que cuente diez» estudioko bosgarren lana. Baita azaroaren 6an Santanderren abiatuko duen aurkezpen bira ere, Gabon bueltan, abenduaren 19an, Barakaldoko BEC aretora helduko dena.

Bilbotar musikariak orain bi urte bukatu zuen «Por la boca vive el pez» lanaren bira arrakastatsua, urte eta erdian ehun kontzertu inguru eman eta milioi bat zale elkartu ostean, eta prest da Fitipaldis talde berrituarekin berriro zuzenean jotzeko.

Azaroaren 6an Santanderren jo eta gero Castello (azaroak 13), Alacant (azaroak 14), Coruña (azaroak 20), Vigo (azaroak 21), Tenerifeko Santa Cruz (abenduak 4), Kanaria Handiko Las Palmasen (abenduak 5), Bartzelona (abenduak 12) eta Burgos (abenduak 18) hirietako oholtzak gogor zapalduko ditu, Gabon bueltan ziurrenera berezia izango duen hitzordura heltzeko: Bizkaiko kontzertura. Eta etxean jo ondoren, Madrilen bukatuko du (Domu Santu egunez, abenduaren 28an) neguko bira eta disko berriaren aurkezpenaren lehen atala.

Musikari estatubatuarrak

Irailaren 15ean salgai jarriko duten lan berriak hamar kantu biltzen ditu, eta DVD bat ere ekarriko du, «Antes de que cuente diez» lehen singlearen bideoklipa eta azken birako agur kontzertua jasoko dituena.

Lana Landetako Du Manoir estudioetan grabatu dute (Estatu frantsesean), Joe Blaney eta Carlos Raya (Fitipaldien gitarra-jotzailea) ekoizle zirela. Gainera, ohiko Fitipaldi Joserra Senperena (teklatuak) eta Javi Alzola (saxoa) musikariez gain, Pete Thomas bateria-jotzailea (Elvis Costello, Suzanne Vega) eta Andy Hess (Black Crowes, Tina Turner) baxu-jotzailearen partaidetza izan du. Zuzeneko biran ordea, Alejandro Climentek (baxuan) eta Daniel Griffinek (baterian) ordezkatuko dituzte estatubatuar musikariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo