GARA > Idatzia > > Kultura

Ricardo Ugarteren erakusketaren bisita gidatua

GARA | DONOSTIA

Ricardo Ugarte artista pasaitarrak bisita gidatua egingo du bihar, «Itsas-burni» Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran duen erakusketan zehar. Uztailaren 1ean erakusketa zabaldu zenetik, artistak egingo duen bigarren bisita gidatua izango da. Bertaratzen diren guztiek, Ugarteren beraren ahotik entzun ahal izango dituzte, lan bakoitzak artistarengan sorrarazi dituen hausnarketa eta sentipenak. Bisita honetan parte hartzeko, nahikoa izango da bihar bertan, arratsaldeko 18.30ean, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran azaltzea.

Burdinan landutako eskultura txikiak, lan grafikoak eta serigrafiak biltzen ditu «Itsas-burni, Mar y hierro» erakusketak. Bi elementuok erabateko presentzia izan dute betidanik artistaren lanean. Pasai San Pedron jaioa izanik, itsasoak eta portuak eragin nabaria dute Ugarteren lanetan, batez ere, portuan aurki daitezkeen egitura handiek. Materialen kasuan, burdina sarri erabili izan du eta ibilbide artistikoari erreparatuz, garabi, itsasontzi, mutiloi, aingura eta portuko unibertsoari lotutako elementu oro izan da bere eskultura-multzo eta serie grafiko askoren iturburu, obra guztietan kutsu poetiko nabarmen bat agertzen delarik. Erakusketa datorren irailaren 5era arte egongo da zabalik, asteartetik larunbatera, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo