GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lakuako Barne Sailaren jarrera gaitzetsi dute Aralarrek, EAk eta beren gazte sailek

p012_f02_097x096.jpg

GARA

Lakuako Barne Sailak kartelak, pintadak eta euskal preso politikoen argazkiak kentzeko abiatutako dinamikaren kontra agertu ziren atzo Aralar, EA eta bi alderdiotako gazte erakundeak. Rodolfo Ares sailburuak astelehenean egindako adierazpenak izan zituzten gogoan Aralarreko ordezkariek eta «arrazoi politikoak direla-eta» txosnak jartzeko eskubidea kentzea «lekuz kanpo» dagoela adierazi zuten.

Prentsa ohar baten bidez jakinarazi zutenez, jokaera horrekin Barne Saileko arduradunak legea «ad hoc» ezarri nahi du. Gogora ekarri zutenez, joan den ekainean eskatu zioten Aresi preso politikoen argazkiak kentzeko zein legetan oinarritu den azal zezan.

«Izen txarra» areagotzen

Aralarren gazte erakundeak, Iratzarrik, Ertzaintzaren «errepresioaren areagotzea» kritikatu zuen eta beren eginkizuna istiluak eragoztea dela eta ez horiek eragitea adierazi zuen. Gaineratu zutenez, Ertzaintzaren «izen txarra eta berarekiko mesfidantza» areagotzen ari da gazteen artean azken ekintzen ondorioz.

EA-ko idazkari orokor Peio Urizarrek ere Ertzaintzaren jokabidearekiko desadostasuna erakutsi zuen. Bere iritziz, Lakuako Barne Saila ez da zuhur jokatzen ari eta gizartean «sumina» eragiten ari da. Urizarren iritziz, Patxi Lopezen Gobernuak arazo ekonomikoei konponbidea emateko duen eraginkortasun falta estaltzeko erabiltzen ari dira Ertzaintza.

Gazte Abertzaleak EAren gazte erakundeak, berriz, Polizia autonomikoa euskal gizartearen zati baten aurka egiteko erabiltzen ari dela leporatu zion Aresi. Bestalde, PPko kide Leopoldo Barreda EAJk ezker abertzalearen kontra egiteko «eraginkorragoa» izan behar duela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo