GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

ZESTA PUNTA Urrezko Eskularrua

Aritz Erkiagak apurtu zuen izar handien arteko oreka

Begiradak Goikoetxea-Lopez borrokan jarrita egon arren, Ispasterrekoa nabarmendu zen final eder batean.

p039_f05_1371.jpg

GOIKOETXEA-ALLIEZ 32

ERKIAGA-LOPEZ 35

GARA | BIARRITZ

Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek, Jai-Alive enpresako ordezkariek, ongi merezita irabazi zuten Urrezko Eskularruaren final nagusia Biarritzen Iñaki Osa Goikoetxearen eta Laurent Alliezen aurka. Partida luzea izan zen, gogorra, taktikoki gorabehera handiak izan zituena materialaren erruz eta azken unera arte erabaki ez zena.

Imanol Lopez atzelari zumaiarra izan zen neurketaren aurreneko zatian bere legea inposatu zuena. Buruz Buruko Txapelketaren finalean Goikoetxearen aurka galdu ondoren, errebantxa gosez irten zen frontoira, eta bere kolpeari esker, 3-8 eta 8-13 aurreratu zen berdez jantzita jokatu zuen bikotea. Alliezi lana pilatu zitzaion eta Goikoetxea jokoan sartu ezinik ibili zen.

Pilota aldaketarekin, ordea, partidak beste traza bat hartu zuen eta Zumaiako aurrelaria bere ohiko jokaldiak egiten hasi zen. Jendearen txalo artean, markagailua 25-21 jarri zuten gorriek beraien alde, eta bazirudien jadanik asko luzatzen ari zen neurketa behin betirako puskatuko zela.

Azken txanpan, ordea, Aritz Erkiagak hartu zuen erantzukizuna eta, munduko aurrelari onenaren muturren parean sekulako adorea erakutsita, 1-9ko partziala lortu zuten Jai-Alivekoek, markagailuan 26-30 aurreratzeko. Aurkariek 32nako berdinketa lortu arren, garaipenak ez zien ihes egin Erkiagari eta Lopezi.

Ispasterreko aurrelaria izan zen laudorio gehien jaso zituen pilotaria, eta gertutik ikusi nahi duenak ezin du denborarik galdu. Txapeldunek batera jokatuko dute bihar Hondarribian hirukote baten kontra eta igandean Markinan izango dira berriz ere. Astelehenean, Miamira itzuliko da AEBetako denboraldiari ekiteko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo