Amiantoak gaixotutakoen borroka luzea
Luzea da gaixotasun profesionalak aitortzeko borroka. Batzuk onartuz doaz; hala ere, horiek jasaten dituzten langileen arazoak ez dira aitortza horrekin amaitzen. Izan ere, gaixotasun horiek -kasu askotan oso latzak- sufritzeaz gain, enpresen eta mutualitateen trabei egin behar diete aurre. Amiantoak eragindako gaixotasuna da horietako bat: enpresek inoiz ez dituzte hura saihesteko neurriak hartu eta etengabe agertzen dira horren ondorioz gaixotutako langileak, batzuk erretiratu ondoren, amiantoarekin lan eginda ez baitzuten inolako prebentzio neurririk hartu. Baina hori ez da instituzioen kezka izan minbizi kasu ugarik amiantoaren arriskua, heriotza arriskua, agerian utzi zuten arte. Salva Industrial enpresako langileen salaketa baten ondorioz, Osalanek bertako langileei azterketa medikoa egitera behartu du enpresa, 1965 eta 1981 bitartean amiantoa erabili baitzuten. Ez da ulertzeko erraza, ordea, nolatan ez dituzten azterketa horiek amiantoa erabili duten enpresa guztietan egiten. Amiantoaren biktimek, gainera, beren gaixotasuna aitortzeko eta dagokien laguntza jasotzeko mutualitateen trabari ere aurre egin behar diote. Minbizi sendaezin batek jota, Gizarte Segurantzak lanerako ezintasun iraunkor absolutua aitortu zion langile legazpiar bati Mutualiak erabateko ezintasun bilakatu izana adibide dramatiko bat baino ez da.