GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Orainaren boterea

 

Hamaikagarren forward-en bidez jaso dut bideo baterako esteka. Bi orduko bideoa. Abuztua da eta osorik ikusi dut. Paperik gabe, gaztelania perfektuan, Eckhart Tolle pentsalariak bere teoria aletzen du patxadaz, Bartzelonan 2007an eman zuen hitzaldi batean.

Tolleren teoria sinplea da: oraina bizi. Aska zaitez iraganetik aldatzerik ez dagoelako, eta ez bizi gerokoan oraindik ezer ez delako: egiatan balio duen bakarra oraina da, gure bizitza beti da oraina; orainean biziz askeagoak gara, iraganeko tiraniatik eta etorkizuneko espektatibatik libre gaudelako. Orainean biziz, aurrekoak eta gerokoak ez dute eraginik.

Tolleren oraina ez da aldarrikapen nartzisista (Narzisoren mitoa aipatzen du) ez eta «carpe diem» lelo hedonista ere. Tolleren oraina boterea da («The Power of Now»), ez duelako desbideratzen bizi-gogoa beste une batera. Ez du indarrik galtzen iraganean edo gerokoan; une bakoitzak du zentzua berez, izatez, per se.

Une batzuetan mina ematen du belarrietan, adibidez mundua aldatzea ezinezkoa dela esaten duenean, eta orduan zertarako saiatu proiektu kimerikoak proiektatzen, ezin badugu ezertxo ere aldatu. Baina gero ikusten dugu bere oraina izan daitekeela beste pentsalari batzuek «istant germinala» deitu dutena, hau da, hastapena bera, hasiera, hutsetik abiatu ezarritakoa bazter utzita.

Predikari moduan hartua da Eckhart Tolle, kontzientzia berri baten sortzailea. Bere buruaz dio 29 urte zituela «esnatu» zela espiritualki eta ordutik ari da bere «berria» hedatzen munduan zehar.

Une batzuetan inbidia sentiarazten du, batez ere bera gerokoaz abstrakzioa egiteko gai dela esaten duenean. Eta gu, bitartean, irailari begira.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo